Jendeak lanerako tresneria eraman zuen, eta udalak zabor poltsak eta eskularruak banatu zituen. Taldetan banaturik, Ziak Bidasora urak isurtzen dituen tokitik, Xubixabal ingurutik, Lamixene arteko erreka bazterrak garbitu zituzten. Itzeko errekaren bazterrak garbitzen ere ibili ziren bertako auzotarrak.
Maiatzaren 20ko uholdeen arrastoak oraindik nabari ziren bertan. Zaborra, adarrak eta enborrak atera ziren errekatik.
Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateak ere babestu du ekimen hau kontenedoreak paratuz hainbat lekutan. Auzolana Ehiza eta arrantza elkartean egin zen hamaiketako batekin bukatu zen. Jendea jarduera hau errepikatzeko gogoz gelditu da. Berako udalaren eta ehiza eta arrantza elkartearen helburua aspaldiko ohitura bat berreskuratu eta auzolanean erreka bazterrak garbitzen segitzea da.