Ibai Ros Salazar

«Bere denbora dedikatzea exijitzen duen instrumentua da bateria»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 23a, 08:00

«Musikazalea eta nahiko mugitua den mutil beratarra» da Ibai Ros. Musika aditzea du gustuko, baina baita sortzea ere; bateria jotzen du, hain zuzen ere.

Ttikitatik ikasia

Etxean «betitik entzun izan dut musika, etxeko musika ekipoan eta kotxeko irratian. Aitak estilo aunitz paratu izan ditu: metal, musika klasikoa, rocka, countrya, bluesa, jazza, musika latinoa… Scorpions eta Iron Maidenetik hasita, Silvio Rodriguez eta Bob Dylan bezalako abeslarietara.

Horrek eraman zuen zortzi urterekin bateria jotzen hastera; «Berako musika eskolan hasi nintzen, Igor Telletxea izan nuen irakasle, eta hor egon nintzen 18 urte bete arte». Aitortu duenez, «baxuarekin ere saiakeraren bat egin dut, baina nahiko abandonatua dut momentuz…».

Taldez talde

Geroztik ez du geldirik egoteko astirik izan, «saltsa batzuetan ibili naiz bateria jotzen, kide edo ordezko modura hainbat talde eta artistekin: Kalera, Gabenara, Azken Trena, Jon Mazizior, Sin Mala Intención, Beñat Igerabide, Maider Zabalegi, Gonzalo Portugal…». 

«Etxean musika estilo aunitz entzun izan ditut betitik»

Gaur egun, Bide Batez erromeriarekin eta Noa & The Hell Drinkers taldearekin aritzen da, baita ongi aritu ere, Europako Blues Challenge lehiaketa irabazi baitu berriki Noa & The Hell Drinkers taldeak Polonian. «Hagitz esperientzia polita izan da. Nire lehen aldia da bertze herrialde batera musikarekin lotua dagoen zerbait egitera joaten naizela». 

Gainera, «aukera hagitz ona izan da taldearen izena Europan zehar ezagutzera emateko. Lehiaketan Europako zortzi herrialdetako blues jaialditan jotzeko aukera izan dugu, eta ikusi gintuzten antolatzaileei esker kontzertu gehiago jotzeko aukera izanen dugu».

Instrumentu exijentea

Rosek azaldu duenez, «instrumentu guztiek bezala, bere denbora dedikatzea exijitzen duen instrumentua da bateria, eta pazientziaz hartu behar da. Bertze instrumentuekin konparatuta agian denbora gehiago kentzen dizu, batez ere muntatzean eta desmuntatzean!».

Hala ere, «ahal dudan denbora guztia dedikatzen saiatzen naiz; taldeetarako errepertorioak prestatuz, gauza berriak ikasiz, teknikoki eta musikalki hobetuz eta ahal denean lagunekin jotzeko geldituz.

Inspirazio ugari

Musika estiloen aukera zabala da, eta artistak ugariak, beraz, zaila da bakarra hautatzea: «estilo aunitz gustatzen zaizkit eta beti aurkitzen dut estilo bakoitzean gustukoen dudan talde edo kantaren bat. Betitik gehien entzun ditudan musika estiloak rock eta pop musika izan dira, abeslari bat eta atzetik taldea dutenak. Interesgarriak iruditzen zaizkit ere musika fusionatzen duten talde martzianoagoak: Karizma, Michael Landau, Snarky Puppy…».

Hori dela eta, inspirazio iturri andana ditu egunerokoan. «13 bat urte nituela atentzio gehien eman zidan bateria Gaizka Salazar izan zen, Gatibu taldekoa. Hagitz soinu polita du eta energia aunitz transmititzen dit». 

«Interesgarriak iruditzen zaizkit musika fusionatzen duten talde martzianoagoak»

Horrez gain, «Euskal Herri mailan Igor Telletxea, David Gorospe eta Karlos Aranzegi aunitz gustatzen zaizkidan bateriak dira. Hiruak hagitz diferenteak dira eta gozamena da jotzen entzutea». Mundu mailan, aldiz, «Vinnie Colaiuta, Jeff Porcaro, Aaron Sterling, Steward Copeland, Taylor Howkins, Miguel Lamas… zaila da bakar bat aukeratzea».

Bateria jotzaileak ez ezik, bertzelako erreferentziazko artistak ere baditu. «Gehien gustatzen zaizkidan artista eta taldeak: John Mayer, Toto, Foo Fighters, Police, Sting, Michael Jackson, Itoiz, Gatibu, Morgan, Ketama, Eros Ramazzotti, Genesis, Muse, David Gilmour, Sia, Dua Lipa, Bruno Mars… eta aunitzez gehiago erranen nituzke».

Etorkizunera begira

Musikatik bizitzea zaila dela dio Rosek, «nik lana egiten dut aparte, eta ezagutzen ditudan musikari gehienek berdin, bertze lan bat dute edo klaseak ematen dituzte». Hala ere, argi du zerk egiten duen artista on bat: «niri gehien gustatzen zaizkidan artistek badute musika egiteko modu propioa eta hori publikoari transmititzeko gaitasuna».

Etorkizunera begira, «bateria jotzen eta kontzertuak ematen segitzea espero dut. Baditut bertze proiektu batzuk ere esku artean, orain hasten ari direnak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun