Berako gau kroseko ibilbidea ezagutzeko hitzordua izanen dute asteazkenean

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 24a, 13:00

Abuztuaren 1ean eginen dute Berako Gau Lasterketaren bederatzigarren edizioa. Ohiko ibilbidea izanen du aurtengoan lasterketak, eta eguna baino lehen bidea ezagutu nahi dutenek hitzordua izanen dute asteazkenean, hilaren 26an, Altzateko Plazan 21:45ean. Bertan lasterketaren ibilbidea osatuko dute Manttaleko kideekin batera.

Abuztuaren 1ean izanen da lasterketa, eta dagoeneko irekia da izena emateko epea. Helbide honetan egiten ahal da uztailaren 31 arte, 10 eurotan. Lasterketa egunean izena emanez gero, aldiz, 12 euroko prezioa izanen du. Gehienez ere 200 parte hartzaile izanen dira lasterketan eta aitzineko edizioetan bezala frontala erabili beharko da nahitaez parte hartzeko.

Gau krosa 22:00etan hasiko da eta irteera eta helmuga Merkatu Plazan izanen da. Lasterketa amaitzerakoan luntxa izanen da.

Kategoria bakoitzeko lehenengo hiruek sariak izanen dituzte, eta horrez gainera lehenengo bi kuadrillek ere saria dute. Kuadrillak lau korrikalarik osatuko dituzte, eta guttienez emakumezko bat izan beharko da kuadrilla bakoitzean. Irabazlea zein den aukeratzeko talde bakoitzeko lehenengo hiruen postuak hartuko dituzte kontuan, baina helmugara ailegatu beharko dira laurak.

Ibilbidea

7,4 kilometroko distantzia izanen du lasterketak, 300 metro positiboko desnibelarekin. Ondorengo ibilbidea izanen du lasterketak: Altzateko Merkatu Plaza, Altzate karrika, Mukixu, Julio Caro Baroja karrika, Ugalzubia, Matzada, Illekueta, Altzateko plaza, Altzate karrika, Legia, Matzenborda, Ezpondakoborda, Lazarenborda, Plaza Zaharra, Gernikako arbola karrika, Xubixabal, Bidasoa karrika, Espidobaita, (pareko eskaileretatik goituta), Kaxerna, Garmendiko Borda, Haritzalde, Mitxinborda, Garakoetxeko Borda, Sarron, Lamixene, Illekueta, Altzateko Merkatu Plaza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun