‘Música en cada rincón’ zikloko lehen kontzertua Lesakan eginen dute uztailaren 24an

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 21a, 13:30

'Música en cada rincón' jaialdiko lehen emanaldia Lesakan eginen dute aurten.

Astelehenean 19:30ean izanen da Agiñan, Suakairen eskutik

Musica en cada rincón musika zikloko lehen emanaldia Lesakan eginen dute. Artea eta kultura herri ttikiagoetara eramateko asmoz, Suakai musika taldeak Reflejos formatu handiko ikuskizuna hamabost kontzertu baino gehiago egiteko egokitu du. Bira Lesakan hasiko da, astelehenean, hilak 24, 19:30ean Agiñan.

Aurtengo ikuskizuna Reflejos da, 350 musikari nafarrek baino gehiagok parte hartu duten obra batetik eratorritako mundu mailako lehen musika ikuskizun interaktiboa. 2022ko urrian Baluarten, Iruñeko Kongresu Jauregian eta Auditorioan estreinatu zen ikuskizunean musika klasikoa, rocka edo popa entzun daitezke, bertzeak bertze, izen handiko sei musikariren eskutik.

Lesakako emanaldiaren ondotik, uztailaren 25ean Elantxoben (Bizkaia), uztailaren 26an Boñaren (Leon), uztailaren 28an Salamancan, uztailaren 29an Badajozen, uztailaren 30ean Santa Barbada de Casan (Huelva), uztailaren 31n Huelvan, abuztuaren 2an Benadaliden (Malaga), abuztuaren 3an Sierra Nevadan (Granada), abuztuaren 4an Beas de Seguran (Jaen), abuztuaren 5ean Consuegran (Toledo), abuztuaren 6an Olmeda de las Fuentesen (Madril), abuztuaren 7an Orbaneja del Castillon (Burgos) eta abuztuaren 11n Pesagueron (Kantabria) izanen dira emanaldiak, berriz ere Nafarroan, abuztuaren 13an, itxiera sorpresa egin aitzinetik.

Lantalde teknikoa eta artistikoa

2023. edizioak musikari onenetako batzuk ditu. Hauek dira proiektuaren emanaldietan parte hartuko duten izenetako batzuk: Ivan Carmona, biolontxelo-jotzailea eta Talentu Artistikoa Sustatzeko Saria 2020; Igor Arostegi, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko perkusio bakarlaria; Luciano Varela, munduko musiketan aditua den kontrabaxu-jotzailea; Josu Erviti, bateria-jotzailea eta Erviti Studioren sortzailea; Eric Deza, gitarrista eta irakaslea, edo Claudia Osés, biolin-jotzailea eta Suakaiko sortzailea.

Maila artistikoan gertatzen den bezala, teknikoki sektoreko profesionalik onenak daude. Aipatzekoak dira Mikel F. Krutzaga, Dolby Atmosen nahasketan espezializatutako nazioarteko soinu-ingeniaria; Nicolas Basterretxea, soinu-ingeniaria, edo Rodamos Films ikus-entzunezko ekoizlea, Suakairen ohiko kolaboratzaileak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun