Iban Garro lesakarrak irabazi du Iruñeko XVII. Nazioarteko Poesia Saria

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 21a, 12:30

Iban Garro Alzuri lesakarrak Iruñeko Hiria poesia saria irabazi du, 'Larrosa bat Groenlandian' lanarekin.

Euskarazko atalean lortu du 3.000 euroko saria, ‘Larrosa bat Groenlandian’ lanarekin

Iruñeko udalak Nafar Ateneoaren laguntzarekin antolatzen duen Iruñeko Hiria Nazioarteko Poesia Sariko hamazazpigarren edizioko saridunak jakinarazi dituzte. Euskarazko atalean, Iban Garro Alzurik lortu du lehen saria (3.000 euro eta poema-bildumaren argitaratzea), ‘Larrosa bat Groenlandian’ lanarengatik.

Denera 444 lan aurkeztu dira sariketa honetara, horietatik 14 euskaraz. Gaztelaniazko atalean, Imanol Ulazia Aramendi zumaiarrak lortu du lehen saria, ‘Maravillas del espacio’ lanarekin.

Euskarazko atalean, Gotzon Plaza Jaio (iazko irabazlea), Unai Pascual Loiarte (Denonartean argitaletxekoa) eta Nafar Ateneoko Ines Castiella Imaz eta Pedro Salaberrik osatu dute epaimahaia. Epaimahaiaren arabera, «Iban Garroren lana, izenburutik hasita, iradokitzailea eta erakargarria da. Irakurlea amu horrekin harrapatzen du eta olerkian barneratzera gonbidatzen du». Garroren lanak berezko estilo berezia duela ere azpimarratu dute, literatur baliabidetan aberatsa eta dotorea da, kontzeptu kontraesanak dituzten hausnarketa sakonekin. Iban Garro poeta eta bertsolari lesakarrak hainbat sari lortu ditu aitzinetik, bai Bidasoaldeko bertsopaper lehiaketan, baita Iruñeko udalak egile berriei zuzendutako literatur lehiaketan ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun