Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak (Vianako Printzea erakundea) antolatutako Kultur programaren 28. edizioaren barrenean musika ailegatuko da Berara. Uztailaren 23an, igandean 19;00etan Josetxo Goia-Aribe musikariaren Sarasateando emanaldia izanen dute Berako Toki Onako estalpean.
Josetxo Goia-Ariberen ‘Sarasateando’
Txundigarria da Josetxo Goia-Ariberen irudimena tradizioa eta modernitatea bateratzen. Oraingo honetan, irakurketa urratzaile eta ausart batetik abiatuta, Pablo Sarasate mundu mailako biolin-jotzaile handiaren errepertorio erromantikoaren zati bat hartuko du, bertze lurralde batzuetara eramateko, non Europako jazza, musika berriak, inprobisazioa eta egungo ikuskera izanen diren Sarasateando izenburuko kontzertu honen ardatz eta osagaiak.
Proposamen musikal horretan, musikari-laukote batek ez du inor epel utziko, eta apustua, arriskua eta sormen handia ditu ezaugarri, biolin jotzaile iruindarraren errepertorioa erakusteko.