'Erbesterako Bidea' ekimenean parte hartzen ari diren gazteei bisita egin zien atzo Etxalarren Ana Ollo kontseilariak

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 20a, 07:30

Espainiako gerra zibilarekin eta memoria historikoarekin lotutako hainbat toki bisitatzen ari da egunotan 16 eta 17 urteko 40 gaztek osatutako taldea. Ekimenak Erbesterako Bidea 'Ruta al Exilio' du izena eta atzo arratsaldean Etxalarren egon ziren. Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari den Ana Ollok bilera egin zuen gazte hauekin Etxalarko plazan.

Proiektu hezitzaile hau Espainiako Gazteriaren Institutuak (INJUVE) sustatu du, Nafarroako Memoriaren Institutuarekin lankidetzan, Memoria duten Eskolak programaren barnean. Memoria historikoarekin eta hezkuntzarekin lotutako bidaia bat da, eta aurten hasiko da lehen aldiz Foru Komunitatean. Haren helburua da azken aldiko historia hurbiltzea garrantzi bereziko lekuetatik egindako ibilbideen bidez, prestakuntza- eta gizarte-jarduerekin batera.

«Nafarroan kolpistek arrakasta izan zuten, eta pertsona aunitzek ihes egin behar izan zuten preso har ez zitzaten». Horregatik, «memoria duten gazteak behar ditugu, giza eskubideen urraketa prozesu guztien memoria kritikoa dutenak»
 
Ana OLLO, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria
 
Ollo kontseilariak parte-hartzaileei gogorarazi dienez, «1936ko uztailaren 18an, kolpe militar frankista gertatu zen», eta «Nafarroan kolpistek arrakasta izan zuten, eta pertsona aunitzek ihes egin behar izan zuten preso har ez zitzaten». Horregatik, «memoria duten gazteak behar ditugu, giza eskubideen urraketa prozesu guztien memoria kritikoa dutenak». Ollok eskerrak eman dizkie «horrelako gertakari bidegabeak ahazten jakin eta ez uzteagatik» erakutsitako interesagatik, eta familiei eta lagunei ezagutzen ari direna kontatzera animatu ditu. «Gizarte hobea, demokratikoagoa, bidezkoagoa, askeagoa eta solidarioagoa eraikitzeko ahaleginean parte hartzera», gaineratu du.

Parte-hartzaileek, penintsulako hainbat lekutatik etorritakoek, uztailaren 15ean hasi zuten Erbesterako Ibilbidearen hirugarren edizioa. Iruñeko Fuerte del Principe Gotorlekuan egon ondotik, Sartagudara joan ziren, eta han, Alargunen Herria Elkartearen eskutik, Memoriaren Parkea bisitatu zuten, Nafarroan halakotzat deklaratutako memoriaren lehen lekua.
 

Hurrengo egunean, Erreniegako gainera joan ziren, eta han ezagutu zuten errepresio frankistaren biktimak gogoratzeko monolitoa. Biktimak inguru horretan erail zituzten, eta espazio hori zipriztintzen duten hobi desberdinetan lurperatu zituzten. Gaua pasatzera Arazurira joan aitzinetik, gerra zibilean eta hurrengo urteetan izan ziren atxilotze zentroak ezagutzeko aukera izan zuten Nafarroako hiriburuan.

Hurrengo bisita Ezkaba mendiko gotorlekura eta Botilen hilerrira egin zuten, Nafarroako atxiloketa-gune enblematikoenetako bat. Han, Txinparta elkartearekin egon ziren astelehen goizean eta egun horretan ere, Gaztelun dagoen Legarreko leizea bisitatu zuten, Juana Josefaren eta bere familiaren hilketa basatia gogoratzeko.

Astelehen gauean Larrasoañan lo egin ondotik, Sorogain-Lasturrera joan ziren, eta handik GR 225aren laugarren etapari ekin zioten Urepeleraino, Askatasunaren Botilen arrastoari jarraituz. Behin Urepelera ailegatuta, Berara bidean, bertze leku enblematiko batzuk ezagutu zituzten, Berako harrobia eta frankismoko bunkerrak.

Etxalarren, atzo, gaueko ibilbide baten sentsazioak esperimentatzeko asmoa zuten: kontrabandoaren ibilbideak, erbesterako bide ere bihurtu zirenak, askatasunaren bila.

Hurrengo egunotan Katalunia aldera joanen dira, Pirinioetako barrena Erbestearen Bideak utzitako orbainak zeharkatuz.

Programan zehar, irakasleek, artistek eta memoria historikoaren gaiarekin espezializatutako ikertzaileek eta tokiko hainbat eragilek emandako prestakuntza-tailerrak izanen dituzte. Jarduera hauek hiru ardatzen inguruko proiektu sortzaileak garatzeko balio dute: erbestea, memoria eta identitatea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun