Bere hogeita hamargarren ironmana bukatu du Bixente Igarzabal lesakarrak

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 18a, 08:00

Gasteizen igandean jokatutako proban, 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan eta maratoia lasterka egiteko hamar ordu, 11 minutu eta 59 segundo behar izan zituen

Ez bat eta ez bi. 2008an bere lehen ironman proba Nizan (Frantzia) osatu zuen Beti Gazteko Bixente Igarzabal kirolari lesakarrak eta hamabortz urte beranduago bere hogeita hamargarren ironmana osatzea lortu zuen igandean Gasteizen.

3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan eta maratoia lasterka egiteko hamar ordu, 11 minutu eta 59 segundo behar izan zituen. 52 urterekin, ez da nolanahiko marka. Proba burutzea lortu zuten 1.139 kirolarien artean 218garrena izan zen. 50 eta 54 urte artekoen bere kategorian, 157 kirolarien artean hamazazpigarrena izan zen.

Bixente Igarzabalek onartu du ez zuela bere egunik onena izan Gasteizkoa eta «sufrimenduarekin eta Iñaki Igoa eta Itziar Alves lagunen animoekin» lortu zuen proba bukatzea. Ohi bezala, igeriketako zatian ez zuen denbora onik egin. Ordubete, 13 minutu eta 50 segundo behar izan zituen uretik ateratzeko, 605. sailkapen orokorrean eta 61.garrena bere kategorian. Baina, beti bezala, probaren bigarren zatia, bizikletarenean eman zuen bere onena. Izan ere, bere kategorian denborarik onena eta orokorrean 70garrena egin zuen (4.57.38). Sei ordu baino gehiagoko lana eta gero, oraindik maratoia lasterka egitea falta zitzaion, ordea. Hemen 3 ordu, 50 minutu eta 19 segundo behar izan zituen, 28garrena bere kategorian eta 354garrena orokorrean.

Halere, aipatutakoa, bere hogeita hamargarren ironmana bukatu du (bertze bi utzi ditu bukatu gabe) eta «gero eta gasolina guttiagorekin» dagoela onartu digu. Aurten ez du bertze ironmanik egiteko intentziorik, baina «orain Alpetan mendian ibiltzeko asmoa dut eta aprobetxatu behar dut mendi lasterketetan nire estreinakoa egiteko Suitzan, Sierre-Zinal proba eginez. Ea nolako esperientzia den».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun