1948an ekarri zituzten lehen aldiz erraldoiak Lesakara, duela 75 urte. Urteurren horren harira, hainbat ekitalditan parte hartzeaz gain, irailaren 9rako besta eguna antolatzen ari da Lesakako erraldoi eta buruhandien konpartsa. Horren harira bi saskiren zozketa egin zuen uztailaren 9an, sanferminetako kalejiraren ondotik eta dagoeneko agertu dira saridunak: Nati Arretxeak eskuratu du ‘Ixabel’ saski urdina eta Marcela Mejíak ‘Fernando’ saski gorria.
Lesakako erraldoien konpartsako kideek herriko komertzio, ostatu eta zerbitzuen laguntza eskertu nahi izan dute eta aipatu dute irailaren 8 eta 9rako zenbait ospakizun prestatuak dituztela.
Irailaren 8 eta 9rako egitaraua
Oraindik erabat zehaztu gabe badago ere, irailaren 8 eta 9rako prestatuxea duten egitarauaren berri ere eman du Lesakako erraldoi konpartsak. Irailaren 8an, ortziralean 16:30etik 19:30era puzgarriak izanen dituzte Harriondoa kultur etxeko atarian eta berendua ere emanen dute. Egun handia irailaren 9a izanen da. Larunbatean 09:00etan meza izanen dute, 09:30ean gosaria, 10:30ean Baztan-Bidasoko erraldoien topaketa, 14:30ean herri bazkaria jubilatuen elkartean eta 18:00etan DJ Endara plazan.