Tigre eltxoaren kontrako fumigazioa eginen dute heldu den astelehenean Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 13a, 20:00
Heldu den astelehenean, uztailaren 17an eginen dute tigre eltxoaren kontrako fumigazioa.

Berako Udalak jakinarazi duenez, Nafarroako Gobernuko Ingurumen atalak, tigre eltxoaren kontrolerako fumigazioak eginen ditu Beran uztailaren 17ko ilunabarrean. Egun horretan bukatuko ez balute, uztailaren 18ko ilunabarrean bukatuko lituzkete. Fumigazio lan horiek Zalaingo poligono inguruan eta Toki Ona eta Kultur etxeko aparkaleku inguruetan eginen dituzte. 

Fumigazioak hagitz lokalizatuak izanen dira, eta ez dira arriskutsuak gizakiarentzat edo beste espezie batzuentzat. Azkeneko urteotan moskito horren kontrako tranpak paratuak daude Beran, eta Nafarroako Gobernuak jarraipena egiten du.

Zer dira tigre eltxoak eta nola jokatzen dute?

Tigre eltxoa Asiatik etorritako eltxo inbaditzailea da, munduan barna hedatu eta hedatu ari dena. Espainiar estatuan 2004an identifikatu zuten lehenbiziko aldiz eta geroztik hedatzen joan da. Nafarroan 2018an identifikatu zuten lehenengoz.

Eltxo beltz bat da, arrasto zuria du burutik toraxera eta pintta zuriak hanketan eta sabelaldean. Moskito emeak, ziztadak egiten dituztenak, neurri txikikoak dira, kolore ilunekoak eta toraxean marra zuriak dituzte. Normalean egunez egiten dituzte ziztadak, baina egunsentian eta iluntzean aktiboagoak izaten dira. Haren ziztadek ondoeza sortzen dute, mingarriak izaten ahal direlako eta erreakzio alergikoa eragiten ahal dutelako.

Gainera eltxoen ziztadek eritasun batzuk transmititzen ahal dituzte, hala nola dengea, chikungunya edo zika. Horiek transmititzeko probabilitatea txikia bada ere, eltxo horren kontrola funtsezkoa da.

Tigre eltxoaren berezitasunetako bat da emeek ez dituztela arroltzeak uretan jartzen, ur-mailaren gainetik edo urpean egon ondotik agerian gelditzen diren eremu lehorretan baizik. Horrek arrain eta anfibio harraparietatik libre uzten ditu arroltze horiek eta, beroarekin eklosionatu ondotik, izurrite bihurtzen dira.

Ziztadak saihesteko aholkuak

Hiru aholku nagusi daude ziztadak saihesteko: intsektu-uxagarriak erabiltzea, batez ere hanketan; gorputz-higiene ona izatea, izerdiak eta usain gogorrek eltxoak erakartzen dituztelako eta intsektuen kontrako tresna elektrikoak erabiltzea.

Non hazten da tigre eltxoa?

Tigre eltxoa ura duten ontzi txikien hazten da, ur hori astebetez baino gehiagoz ontzian geldirik egon denean: loreontzien plateretan, estolda zuloetan, enbase eta ontzietan, pneumatikoetan, bidoietan eta teilatuetako hodietan.

Nola lagundu eltxoei aurre egiten?

  • Begiratu ez dela urik pilatu drainatze eremuetan, teilatuetako hodietan edo ureztatzeko ontzietan.
  • Erabiltzen ez direnean, putzuak eta igerilekuak olana batekin tapatu, baina zaindu olana horretan ez dela urik pilatzen.
  • Ura kendu ontzietatik, loreontzien azpiko plateretatik, pitxerretatik, jostailuetatik...
  • Bizpahiru egunetik behin garbitu etxeko animalien edateko ontziak
  • Leihoetan, deposituetan, ontzietan eta abarretan eltxo oihalak erabiltzeak eltxoa sartzea eta arrautzak errutea galarazten ahal du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun