Joan den asteburuan jokatu da Oviedoko disko golf irekia. 2022an Espainiako txapeldun izandako Igantziko Baxi Basajauna elkarteko Iñaki Gonzalez Olaizola bertan izan zen eta hirugarren postua lortu zuen MP50 kategorian.
Txapelketako erakargarririk handiena Jeremy Koling munduko txapelduna izan zen. Bere maila erakutsi zuen eta bere parte-hartzea parraren azpitik 38 jaurtiketarekin egin zuen. Baxi Basajauna elkarteari dagokionez, Iñaki Gonzalez Olaizolak parraren gainetik 16 jaurtiketa egin zituen eta hirugarren postua lortu zuen MP50 kategorian, Ivan Gutierrez de Teran eta Ismael Lanaren ondotik. Baxi Basajauna taldearekin hasi berri den Toni Negrete kantabriarra ere ongi ibili zen. Denbora gutti darama disko jaurtiketan, baina halere meritu handiko hamaikagarren postua lortu zuen.
Baxi Basajauna elkarteko bi tiralariek ez zuten aukera galdu eta Jeremy Koling munduko txapeldunarekin eta hainbat alditan Espainiako eta Europako txapeldun izan den Carlos Río tiralari handiarekin argazkia atera zuten.