Hamabi bisita gidatu eskainiko dituzte Lesakan uda honetan

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 12a, 15:00
Bisita gidatuak Harriondoa kultur etxetik abiatuko dira.

Joan den urtean bezala, bi free tour mota eskainiko dituzte: 'Lesaka: gure kulturaren sorterria' eta 'Lesaka: pelikulen eszenatokia'

Turismoa dinamizatzen segitzeko helburuarekin, uda honetan ere bisita gidatuak eskainiko dizkie Lesakako udalak herritarrei eta kanpotik datozen turistei. Hauek free tour moduan eginen dira, hau da, prezioa bisitariaren esku geratuko da. Euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera emanen da, Harriondoa Kultur Etxean dagoen turismo bulegotik aterako dira eta plaza erreserbatzea komeni da (662 64 81 81 whatsapp edo dei baten bitartez edo teknikaria1@lesaka.eus helbide elektronikoan).

Gaiari erreparatuta, bi bisita gidatu mota izanen dira: Lesaka: gure kulturaren sorterria eta Lesaka: pelikulen eszenatokia. Lehenengoan, herriko eraikinei, txokoei, tradizioei, kulturari… buruzko azalpenak emanen dituzte eta ordu bateko iraupena izanen du. Bigarrenean, aldiz, Lesakan filmatutako pelikulak izanen dira protagonistak, herriko hainbat eszenatoki  bisitatuz. Free Tour hau pixkat luzeagoa izango da, 2 ordu ingurukoa.

Datak eta ordutegia

Hauek dira bisita gidatu bakoitzaren datak eta ordutegiak: Lesaka: gure kulturaren sorterria: bisitari dagokionez, uztailaren 16a, 12:00etan; uztailaren 21a, 17:00etan; uztailaren 28a, 17:00etan; abuztuaren 5a, 11:00etan; abuztuaren 13a, 12:00etan; abuztuaren 20a, 12:00etan eta abuztuaren 26a, 11:00etan.

Lesaka: pelikulen eszenatokia, aldiz: uztailaren 15a, 11:00etan, uztailaren 22a, 11:00etan; abuztuaren 11, 16:30ean; abuztuaren 19a, 11:00etan eta abuztuaren 27a, 12:00etan.

Honez gain, bisita gidatu hauek modu autonomoan egiteko aukera ere ematen du Lesakako Udalak. TopRutas app-a dohainik deskargatuz, bisitariak audio-gida eta testu bitartez bi itzuliak bere kabuz egin ditzake, edozein egun eta orduan. Bi ibilbide hauez gain, aplikazioak mendiko bortz ibilbide ere proposatzen ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun