Nafarroako Kadeteen Arpana Txapelketa irabazi dute Eugi eta Etxarte igantziarrek

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 10a, 15:30

Kadeteen mailako Nafarroako Arpana Txapelketa jokatu dute gaur Iruñeko sanferminetan, eta Mattin Eugi eta Unax Etxarte igantziarrak bikain moldatu dira. 22 segundoko aldea atera diote bigarren bikoteari. Bihar Nafarroako Ingude Altxatze Txapelketak jokatuko dituzte.

Igantziko Mattin Eugi eta Unax Etxartek 07.05eko denbora behar izan dute lanak bukatzeko; bigarren gelditu diren Unai Fernandez eta Irati Aguas bikoteak baino 22 segundo guttiago. Hirugarren bikotea Maider Ruz eta Joritz Biurrunek osatutakoa izan da eta hauek 08:03ko denbora egin dute.

Uztailak 11, asteartea

Nafarroako ingude txapelketa eginen dute emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Emakumezkoetan Naroa Erbiti leitzarra eta Maika Ariztegi iturendarra izanen dira eskualdeko ordezkariak. Isabel L. Vives ere ariko da. Gizonezkoetan, aldiz Josetxo Urrutia leitzarra izanen da eskualdeko bakarra. Iosu Marturet, Alex Fernandez, Ander Ros eta Angel Albarran izanen ditu kontrario.

Motozerran XXIII. San Fermin txapelketa ere eginen dute, baina, ez da eskualdeko ordezkaririk ariko bertan.

Uztailak 12, asteazkena

Sokatira izanen da goizeko lehen protagonista. 4x4 torneoa eginen dute eta eskualdeko bi talde izanen dira: Amaiur eta Beti Gazte. Horiekin batera Araxes, Antsoain, Berriozar eta Txantrea ere ariko dira.

Ondotik, aizkora altueran erakustaldia eginen dute Manolo eta Julen Kañamaresek.

Uztailak 13, ortzeguna

Nafarroako harri jasotze txapelketa eginen dute, eta Josetxo Urrutia leitzarrak hartuko du parte. Albaro Zugarrondo, Oskar Agua eta Aitor Oiarbide izanen ditu kontrario. Ondotik, Nafarroako lasto altxatze txapelketa eginen dute eta Amaiurko Iñigo eta Igor Goienetxe ariko dira nor baino nor.

Ortzeguneko kirol saioekin bukatzeko, aizkora erakustaldia eginen dute Berako Nerea Sorondok, Lesakako Xanta Souzak, Iturengo Maika Ariztegik eta Beatriz Tancok.

Uztailak 14, ortziralea

Nafarroako III. mailako aizkora txapelketa jokatuko dute. Mikel Santesteban zubietarrak eta Jazinto Etxekonanea beintza-labaiendarrak hartuko dute parte. Horiekin batera Iker Goldarazena, Oier Mitxelena, Amets Aristizabal, Victor Suarez, Patxi Igoa, Eneko Pagola, Ioan Goikoetxea, Jon Erdozia, Aitor Saralegi, Eñaut Oiarbide eta Josu Elizalde ere ariko dira.

Ondotik, txinga eramate txapelketak jokatuko dituzte Emakumezkoetan Sunbillako Esti Gastearena, Iranzu Fierro, Aurkene Aroka eta Claudia Cobosen kontra ariko da. Gizonezkoetan, aldiz,  Daniel Saldias arraioztarra eta Iker Goldarazena lehiatuko dira.

Ondotik, lasto altxatze eta botatze erakustaldia eginen du Jon Lapazaranek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun