Beran bi tailer izanen dira ortziralean, hilaren 14ean. Doakoak izanen dira eta parte hartzeko aitzinetik izena eman beharko da. Esteka honetan dago izena emateko informazioa, eta 948 63 12 22 zenbakira edo kultura@bera.eus helbidera mezu bat bidalita ere lortzen ahal da.
Clown tailerra Berako Uhartean konpainiako Esther Carrizok emanen du eta haurrentzako eta gurasoentzako izanen da. 6 urte baino gehiago dituzten haurrek hartzen ahalko dute parte, guraso batekin batera eta 18:30ean hasiko da eta 20:00etan bukatu.
Bigarren tailerra akrobazia tailerra izanen da, hau ere 6 urte baino gehiago dituzten haurrentzat zuzendua. Bertan, zirkuko hainbat diziplina ikasiko dituzte: akrobaziak, objektuen gaineko oreka… EASAC Urruñako zirku eskolak emanen du eta 3 ordutegi izanen dira aukeran: 18:30-19:00; 19:00-19:30 eta 19:30-20:00.
Ikastaroen ondotik, Hands Some Feet zirku konpainiak akrobazia ikuskizun bat eskainiko du Berako Herriko etxeko plazan 20:30ean. Konpainiak bi kide ditu, Liisa Näykki finlandiarra eta Jeromy Zwick australiar-suitzarra.
Ikuskizunak kanpainaren izen bera du: Hands some Feet. Zirku garaikideko ikuskizun dinamiko eta fresko bat da, malabarismoaren eta alanbrearen maisutasuna bihurrikeriaz uztartzen dituena. Akrobazia berritzaileekin, antzerki fisikoarekin, jauzi egiteko sokekin eta Australia eta Finlandiako musika tresna bereziekin osatutako zuzeneko musikarekin osatuko da.