Lesakako sanferminetara joateko bestabus zerbitzua izanen da ortzegunean, ortziralean eta larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 5a, 15:00

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta bestabus zerbitzua izanen da Lesakako sanferminetan Bortzirietako gainontzeko herrietatik Lesakara modu seguruan joateko. Hiru egunetan izanen da zerbitzua: uztailaren 6an, 7an eta 8an. 

Aitzineko urteetan ez bezala, aurten hiru egunez paratuko dute autobusa Lesakara joateko. Joan etorriak bortz euroko prezioa izanen du, eta antolatzaileek nabarmendu dute autobus barrenean ez dutela errespetu faltarik onartuko. 

Uztailaren 6a, ortzeguna

20:45ean aterako da Arantzatik autobusa, eta Igantziko Bi bidetik 21:00ean eta Etxalarko Landaburuatik 21:15ean pasata, 21:30ean ailegatuko da Lesakara. Bigarren autobusa, aldiz, 23:00ean aterako da Arantzatik, eta 23:15ean eta 23:30ean pasako da Igantzitik eta Etxalartik pasata, 23:45ean ailegatuko da Lesakara.

Beratik 21:45ean eta 00:00etan aterako dira autobusak eta Toki Onan eta Agerran geldituko dira.

Bueltarako autobusak Lesaka herri sarrerako biribilgunean hartu beharko dira eta Etxalar, Igantzi eta Arantzara joateko 04:00etan eta 06:00etan izanen dira eta Berara joateko 03:30ean, 05:30ean eta 07:15ean.

Uztailaren 7a eta 8a, ortziralea eta larunbata

Gainerako bi egunetan ordutegi berbera izanen du bestabusak.

21:45ean aterako da lehenengo autobusa Arantzako aparkalekutik eta 22:00etan Igantzitik pasako da eta 22:15ean ailegatuko da Lesakara. Bigarren autobusa 23:30ean aterako da Arantzatik, 23:45ean  pasako da Igantzitik eta 00:00etan Etxalartik.

Beratik 22:00etan, 23:00etan eta 00:00etan aterako dira autobusak, eta Toki Onan eta Agerran eginen dituzte geldialdiak.

Itzulerarako Etxalarrerako, Igantzirako eta Arantzarako autobusak 03:30ean eta 06:30ean aterako dira Lesakako sarrera biribilgunetik eta Berarakoak 03:30ean, 04:30ean, 06:00etan eta 07:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun