1948an ekarri zituzten lehen aldiz erraldoiak Lesakara, duela 75 urte. Urteurren horren harira, hainbat ekitalditan parte hartzeaz gain, irailaren 9rako besta eguna antolatzen ari da Lesakako erraldoi eta buruhandien konpartsa.
Eguna antolatzen laguntzeko, aitzinetik, herriko komertzio, ostatu eta zerbitzuen laguntzarekin osatutako bi saski eder zozketatuko dituzte sanferminetan, uztailaren 9ko karrikabuelta bukatzerakoan, eguerdi aldera. Hamabortz egunen ondotik irabazlea agertuko ez balitz, berriro zozketatuko litzateke. Zenbaki saritua sare sozialetan zabalduko da. Saskia, Mendegia harategiaren ondoko erakusleihoan dago ikusgai eta txartelak euro batean salgai daude dagoeneko.
Irailaren 8 eta 9rako egitaraua
Oraindik erabat zehaztu gabe badago ere, irailaren 8 eta 9rako prestatuxea duten egitarauaren berri ere eman du Lesakako erraldoi konpartsak. Irailaren 8an, ortziralean 16:30etik 19:30era puzgarriak izanen dituzte Harriondoa kultur etxeko atarian eta berendua ere emanen dute. Egun handia irailaren 9a izanen da. Larunbatean 09:00etan meza izanen dute, 09:30ean gosaria, 10:30ean Baztan-Bidasoko erraldoien topaketa, 14:30ean herri bazkaria jubilatuen elkartean eta 18:00etan DJ Endara plazan.