Aitor Elexpuru alkateak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «gaur bertan arriskuan dagoen zati guztia eraitsiko dute, teilatua eta goiko solairua ziur aski. Euri urekin ondoko eraikina ez kaltetzeko babes bat jarri beharko dute, eta sanferminak ondotik, eraikin guztia eraitsiko dute».
Zorionez, eraikina partzialki erori zenean ez zen inor inguruan, eta ez da zauriturik ez bertzelako kalte pertsonalik izan. Berako Udalak 2019az geroztik bitan abisatua zuen Zubimuxu etxeko jabea eraikinaren egoera txarra zela eta babes neurriak hartzeko betebeharra zuela. Gainera, eraikina eraisteko proiektua tramitatzeko ere eskatua zioten.
Eraikina modu kontrolatu eta seguruan bota arte erabat debekatua dago kaltetutako eremura sartzea, eta udalak herritarrei eskatu die debeku hori errespetatzeko «segurtasuna bermatzeko».