Lesakak 813 metroko bidegorri zati bat estreinatu du, herria Bidasoako Bide Berdearekin lotuz. Jarduerak 754.827,10 euroko inbertsioa izan du. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak 400.000 euroko ekarpena egin du eta gainerakoa Lesakako udalak ordaindu du.
Bidasoko Bide Berdea, Bereautik herriarekin lotzeko lanen bigarren fasea izan da hau. Lehenbizikoan, Bereautik Otsango industrialdera bitarteko zatia egin zen, Tomaseneko bordako biribilgunera bitartekoa, hain zuzen. Baina handik herrigunera trafiko handia hartzen duen errepide bazterretik egin behar zuten bidea txirrindulariek eta oinezkoek. Bigarren fase honekin, herriguneraino bide gorria erabiliz egin daiteke bidea.
Lanek iraun duten bitartean, Tomaseneko bordako biribilgunetik herrigunerako errepide zatia itxirik egon da eta ibilgailuek Arcelor Mittal fabrikarako errepidea hartu behar zuten. Orain, ibilgailuentzako ireki da NA-4000 errepidea. Txirrindulariek eta oinezkoek, berriz, herritik Bereaura edo kontrako bidea egiteko bi metro eta erdi zabaleko bidea dute, errepide ondoan, babes-hesi batekin bereizia. Beheko Errota ondoan, errepidearen azpitik egin den tuneletik pasatzen da bide gorria eta hortik Landazelaita pasealekura doa, 200 bat metrotan bidea ibilgailuekin partekatuz. Halere, seinalizazio bertikala eta horizontala paratuko da. Landazelaietako bidean barna ailegatzen da bide gorria osasun zentroraino.