Hiru motatako lanak eginen dituzte, ur hornidurari dagozkionak, abeltzaintzako azpiegiturei dagozkienak eta azkenik bideak eta pistak hobetzekoak.
Ur hornidura
Arluxe-Posta eremua:
Abeltzainek erabiltzen dituzten luberrientzako ur hornidura sistema hobetu nahi dute, are gehiago azken udak zein idor joan diren ikusita. Ur-bilketa Arluxe parajean eginen litzateke, ubide baten ondoan. Posta parajea, bertzalde, estrategikoa da, bertara ailegatzea erraza delako, eta ongi komunikatua egonik, ur-puntu bat paratuko dute mendiko suteak itzaltzeko bitartekoekin. Toki hau egokia litzateke aska bat jartzeko ere.
Labiagako eremua
Paraje hau 639 zk.ko Onura Publikoko Santa Barbara eta Labiaga mendietan dago, alertze-masa japoniar baten barrenean. Bertan 2 m3-ko edukiera duen depositu bertikal bat hornitzen duen ur-bilketa prekarioa dago. Puntu horretatik, inguruko herri-belardi guztiak Idoia leporaino urez hornitzen dira, polietilenozko hodien bidez. Berako Udalak, gabezia horiek ikusita, sistema hori berritu nahi du. Horretarako, 10 metro goitiagotik hartuko da ura, depositu berrira. Depositu berria egonen den tokira iristeko, Labiagako abereen ixtegitik pista errepasatu beharko da, depositua deskargatu eta jarri ahal izateko.
Abeltzaintza azpiegiturak
Sarralla:
NA-121A errepidera abereak ez ateratzeko, pistaren hasieran kanadiar hesi bat dago. Hesi hau orain 12 urte paratu zuten hormigoiari zuzenean itsatsita. Hesiaren azpikaldea lurrez betea dago eta ondorioz landaretza hazi da bertan, eta abereak gainetik pasatzeko moduan gelditu da. Orain eginen den moldaketakin erraz desmuntatu eta garbitzeko moduan geldituko da.
Labiaga
Aitzineko dirulaguntza deialdian, Labiagan abereendako ixtegi bat eraiki zen. Bi espazio desberdinek osatzen dute ixtegia eta bertze ataka metaliko berri bat paratuko dute. Horrela, Etxalarrera doan pistatik heldu den ganadua, bi noranzkoetan, erraz ailegatu daiteke ixtegira. Bertzalde, itxitura osatzeko, aurreko deialdian instalatutako itxura bereko 15 metro lineal berri paratuko dute.
Iasola
Paraje honetan borda baten ondoan dagoen ixtegia osatu nahi dute, esparru itxi eta harrapaleku berri batekin. Modu horretan abereei tratamendu sanitarioak errazago aplikatuko zaizkie eta ibilgailuetan kargatzeko ere onuragarria izanen da.
Larhun
2022an ixtegia berria eraiki zuten Larhunen. Ixtegi zaharra berriaren aldean, hagitz egoera ahulean dago eta altuera txikia du. Hau hobetzeko lerrokadura berri bat eraikiko dute azken muturra handituz, ganadua kamioi edo erremolkeekin kargatu ahal izateko.
Bideak eta pistak
Labiaga
Labiagan jarri nahi duten depositura eta bertan dagoen alertze japoniar landaketa batera irisgarritasuna ahalbidetzeko, Etxalarko Lizarietako lepora doan pistatik sartzeko bidea hobetu behar da. Bide horrek galtzada hagitz irregularra du, 3 metro inguruko zabalerakoa da, ia ubiderik gabekoa. Beraz, bide hau ere hobetzeko lanak eginen dituzte.