San Fermin erremonte profesionaleko txapelketa aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 3a, 16:00

San Fermin erremonte profesionaleko txapelketan parte hartuko duten erremontistetako batzuk, antolatzaile eta laguntzaileekin, entzierroaren eskulturaren aitzinean.

Labrit pilotalekuan jokatuko dute uztailaren 10etik aitzinera, promozio eta lehen mailetan

Euskal Jai erremonte Fundazioak antolatutako San Fermin erremonte profesionaleko txapelketa jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan, lehen mailan eta promozio mailan banatua. Bi kategorietan izanen dira eskualdeko pilotariak eta txapelketa ADANO elkartearen alde izanen da.

Lehen mailako lehen finalerdia uztailaren 10ean, heldu den astelehenean 16:45ean jokatuko dute Zeberio II.ak eta Ionek, Aimar Jabalera doneztebarraren eta Otanoren kontra. Promozio mailako lehen jardunaldian, Jon Sagaseta iruritarra eta Agirrezabala, Oses eta Baztanen kontra ariko dira.

Lehen mailako bigarren finalerdia uztailaren 11n, asteartean 16:45ean hasiko den jaialdian jokatuko dute Xanti Uterga doneztebarrak eta Barricart-ek, Matxin III.aren eta Aimar Saldias oiztarraren kontra. Promozio mailan, bezperako galtzaileek Xuban Iturregi iruritarraren eta Dabid Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira.

Uztailaren 13an, asteazkenean 16:45ean hasiko den jaialdiko bigarren partidan jokatuko dute lehen mailako finala. Aitzinetik, uztailaren 10eko irabazleek Iturregi eta Mitxeoren kontra jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun