Uztailaren 1en, larunbat goizean jokatuko dute Lesakan Beti Gazte elkarteak antolatutako Zubigaineko kros herrikoiaren laugarren edizioa. 11:00etan infantilen mailara bitarteko neska-mutikoen lasterketa hasiko da eta 12:00etan gainerakoena.
Hamabi zubi zeharkatuko dituen lasterketa Lesakako Herriko Etxearen paretik abiatuko da eta bidean Arretxeko zubia, Koskillako zubia, Moxoren zubia, Periko zubia, Eskol Ttikiko zubia, Itturrunzubi, Antepasetako zubia, Espia zubia, Sumusa, Ekaitzako zubia, Bordieneko zubia eta Pintxeren zubia zeharkatuko ditu. Zarandian izanen du helmuga.
Izen emateak egunean bertan 10:00etatik aitzinera egin beharko dira, Arretxeko plazan. Ttikietatik infantiletara bitartekoek bi euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek bortz euro.
Maila nagusiko eta junior mailako korrikalariek 6.000 metroko ibilbidea izanen dute, kadeteek 3.000 metrokoa, infantilek 1.200 metrokoa, alebinek 900 metrokoa, benjaminek 450 metrokoa, aurrebenjaminek 300 metrokoa eta ttikiek 200 metrokoa.