Pello Apezetxearen omenezko bekaren bigarren beka deialdia deitu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 29a, 18:00
Paskual Rekalde, Leire Mitxelena eta Sagrario Aleman lehenengo beka deialdiaren aurkezpenean.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Euskaltzaindiarekin elkarlanean, Pello Apezetxea Zubiri ikertzaile eta euskaltzalea omentzeko bekaren lehen edizioa antolatu zuen udaberrian. Proposamenak aurkezteko epea iraganik, hutsik gelditu zen deialdia, ez zelakoz eskaera bakar bat ere aurkeztu. Hortaz, bi erakundeek bigarren deialdia egin dute.

Oraingo deialdi honetan interesatuek urriaren 29ra arteko epea izanen dute beren proposamenak aurkezteko. Deialdi honek bi helburu ditu: batetik, Apezetxea omentzea; bertzetik soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka ematea.

Deialdiaren ezaugarriak

Pello Apezetxearen ikerketa esparruak kontuan hartuta, honako ikerketa-gaiak proposatu dituzte lehen deialdian.

  • Soziolinguistika: Tokiko hedabideen eragina euskararen biziberritzean; helduen euskalduntzea: ikastetik erabilerarako jauzia udalerri euskaldunetan;  immigrazioa, harrera, hizkuntza eta kultura aniztasuna eta euskara udalerri euskaldunetan; gaztelaniaren erabilera goiztiarra udalerri euskaldunetako haurren artean.
  • Dialektologia: Bortzirietako hiztegia; Bortzirietako hizkera administrazioan, hezkuntzan eta tokiko hedabideetan erabiltzeko oinarriak.
  • Onomastika: Toponimia xehearen hedapena eta erabileraren sustapena.

Aukerako gai horiez gainera aipatutako hiru arloekin zerikusia duten bertzelako gaiak ere proposatzen ahal dira.

Beka emateko orduan, epaimahaiak inguruko errealitatearekiko hurbiltasuna eta aukeratutako eremuan nahiz Bortzirietan aplikatzeko bideragarritasuna izanen ditu kontuan, bertzeak bertze.

Interesatuak banaka nahiz taldeka aurkeztu ahal izanen dira bekaren deialdira, eta urriaren 29ra arteko epea izanen dute proposamenak aurkezteko. Beka esleitu ondotik, bekadunek zortzi hilabeteko epea izanen dute ikerketa garatzeko. Bekadunak 7.000 euroko saria jasoko du egindako ikerketa lanarengatik.

Beka deialdiaren oinarriak esteka honetan irakurri daitezke, eta inforazio gehiago nahi duenak hemen aurkituko du.

 

 

Pello Apezetxea Zubiri (Goizueta, 1932 – Etxalar, 2022)

Pello Apezetxea Zubiri (Goizueta, 1932-Etxalar, 2022) arlo aunitzetako ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zen. Baina bereziki nabarmentzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. 2004. urtean ohorezko euskaltzain izendatua izan zen.

Bere bizitzaren zatirik handiena Bortzirietan, Etxalarren, eman zuen, eta ezinbesteko erreferentea da eskualdean euskara biziberritzeko prozesuan. Etxalarren bertan, ikastolaren sorreran, eskolan euskarazko hezkuntza ezartzeko prozesuan; eskualdean, helduen euskalduntze-alfabetatzean, tokiko komunikabideetan, etab. Ttipi-Ttapa Fundazioko presidentea izan zen urtetan.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorreran bultzatzaile nagusietako bat ere izan zen. Geroztik ere, mankomunitatearen ibilbide osoan, osasunak eragotzi zion arte, Etxalarko Euskara Batzordeko kide eta Aholkularitza Batzordeko kide izan zen. Hortaz, mankomunitateak Pello Apezetxea zena omentzeko xedez antolatu du ikerketa beka hau.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun