Bortzirietako udalek III. Berdintasun Plana onartu dute

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 29a, 15:00

Bortzirietako udalek Bortzirietako III. Berdintasun Plana onartu zuten apirilean eta maiatzean egindako osoko bilkuretan. Nafarroako Berdintasuneko Institutuaren laguntzarekin egin da plana eta 2027ra arte egonen da indarrean.

Berdintasun Zerbitzuak azaldu duenez, «plana osatzeko prozesuak hainbat hilabete iraun du eta zinegotzi, teknikari eta talde feministako ordezkariz osatutako talde eragile batek gidatu du. Talde honen funtzioa prozesuaren planteamendua finkatu eta koordinatzea izan da».

Planteamendua osatuta, «hainbat herritarrekin bildu dira planaren zirriborroa osatuko zuten ideiak biltzeko asmoz. Zirriborroa izanik, kontrastatze saioak egin dira herritarrekin nahiz udalekin».

Berdintasun plana hiru printzipio nagusitan oinarritzen da: «paradigma feministatik lan egitea, emakume eta neskatilen ahalduntzea helburu izatea eta intersekzionalitatea, hau da, genero zapalkuntzaz gain, bertze zapalkuntza batzuen eragina ere kontuan hartzea».

Bortzirietan berdintasun politikak egonkortzeko, lau esku-hartze izanen ditu planak: «udalen jardueran genero ikuspegia txertatzea; emakumeen aurkako indarkeria matxista; gizarte eta ekonomia berdinzaleagoa sustatzea; eta emakumeen ahalduntzea eta jendartearen inplikazioa. Osotara 12 helburu, 38 ekintza eta 17 ebaluaziorako adierazlek osatzen dute plana.

Bortzirietako III. Berdintasun Planari buruz gehiago jakiteko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun