Triku Trail mendi lasterketaren bederatzigarren edizioa egin zen ekainaren 25ean Etxarri Aranatzen. 275 korrikalari aritu ziren lasterketaren 21 kilometroak eginez, 1400 metroko desnibelarekin. Eskualdeko bi korrikalarik podiumera igotzea lortu zuten, hirugarren postuan: Aimar Otxoteko lesakarrak eta Maddalen Jimenez beratarrak.
Gizonezkoen lasterketan, Ander Iñarra gipuzkoarra nagusitu zen (1.48.03), Jesus Maria Alegria (1.50.54) eta Beti Gazteko Aimar Otxoteko Larrarteren aitzinetik (1.52.12). Joan den urtean ere hirugarren izan zen Otxoteko. Aipagarria izan zen 18 urte bertzerik ez dituen Beintza-Labaiengo Beñat Albisu Etxeberriaren hamaikagarren postua ere (2.00.22). Julen Errandonea Martin beratarra 32. postuan sailkatu zen (2.12.49) eta beteranoen artean, Joseba Lasarte Pellejero beratarra bosgarren izan zen (2.18.24).
Emakumeei dagokienez, Maria Ordoñez izan zen bizkorrena (2.16.03), Ainara Alcuaz bigarren (2.19.52) eta Berako Maddalen Jimenez Andres hirugarren izan zen (2.22.31). Ane Eltzaurdia Mentaberria beratarra laugarren izan zen (2.31.09).