Zinegoak jaialdiko film laburrak ikusteko aukera izanen da ortziralean Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 28a, 08:00

Zinegoak Bilboko Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen LGTBIQ+ Jaialdia da eta aurten ere, herriz herri jaialdi horretako hainbat film labur ikusteko aukera izanen da.  Bortzirietan Beran izanen da emanaldia, Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, ekainaren 28a dela eta antolatutako egitarauaren bueltan.

Beran zazpi dokumental ikusteko aukera izanen da ortziralean Beralandetan 20:00etan. Filmak ikusteko aitzinetik izena eman beharko da 722 69 30 78 zenbakira edo berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidera idatzita.

  • Irrits (Maider Oleaga): Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun bero batean, Clarak irrikaz musukatuko du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean ibiliko da gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest egonen da Clarari jarraitzeko, hark nahi duen tokiraino.
  • Warsha (Dania Bdeir): Warshak Mohammad jarraitzen dio, Beiruten garabilari lanetan ari den migratzaile siriarrari. Goiz batean boluntario modua garabi handi eta arriskutsuenetako bat igotzeko aurkezten du bere burua. Guztien begiradatik urrun, bere ezkututuko grina bizitzeko eta askatasuna aurkitzeko gai da.
  • Arnasa (Raul Barreras): Muino batean eserita, Inaxiok emaztearen heriotzak sortzen dion atsekabea adierazten du bertso baten bidez. Ekaitz biloba baserrira itzultzen da aitonaren kantuak deituta, aitona bera eta honen animaliak zaintzera. Biek, inguruaren ikuspegi ezberdinekin, berriro bat eginen dute eta etorkizuneko zailtasunei aurre eginen diete elkarrekin.
  • Dating internet strangers (Eduardo Wahrhaftig): Dozenaka milioi pertsona ari dira erabiltzen hitzordu aplikazioren bat. Kontakizun honetan, zenbait erabiltzailek hitzordu on eta txarrei buruzko istorioak, eta smartphonen aroan ligatzeari buruzko iritziak partekatzen dituzte.
  • Son (Marta Nieto): Anak ez daki nola tratatu bere sei urteko seme Son, eta mendi ibilalditxo bat egitea erabakiko du, elkar nolabait aurkitzeko asmoz. Bidean, labirinto batean galduko dira, eta beren arteko harremanaren nahasmena, inkontzientzia eta tentsioa berpiztuko dira: iraganeko zauriak ireki ahala, haiek sendatu eta beren burua aurkitzen hasiko dira.
  • Ezohikoak (Alejandra Bueno): Euskal Herrian hazkuntza prozesuan euskal matriarkatuaren existentzian sinetsiz eta familia eredu oso normatiboak asimilatuz hazi ohi gara. Protagonistak ez du bere burua eredu horien barruan islatzen, eta argazkien bidez berrikuspen historiko bat egiten du gizarte hori nolakoa den ulertzeko. Historia normatibo bakarra kontatzeko balio izan duten argazki berberek bizia hartzen dute historiarik gabeko emakume historikoen, matriarkaturik gabeko emakumeen eta beste emakume batzuen historia kontatzeko.
  • Its' a gray, gray world (Seyed Mohsen, Pourmohseni Shakib): Mundu guztiz gris batean, gazte kontserbadore baten nortasun koloretsua ustekabean, haur baten jolasek agerian jartzen dute. Jendeak, izututa poliziari deitzen dio gaztea atxilotzeko. Baina gazteak ihes egitea lortzen du, biharamunean itzultzen da askatasunerako eskubidea defendatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun