Herriko kazetariek piztu dute udako solstizioko sua Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 26a, 08:30

Lesakako Euskara Batzordeak antolatutako udako solstizioko besta egin zuten ortziralean Lesakan, Beti bezala, bertsoak, dantza, sua, musika eta jatekoak eta edatekoak izan zituzten. Euskarazko komunikabideetan ari diren edo aritutako herriko kazetariak omendu zituzten eta beraiek izan ziren sua pizteko ardura izan zutenak.

Lesakako bertso-eskolakoek Biziberrituz euskara kantatu zuten eta trikipandero taldekoek ere jo zuten. Ondotik, Lesakako Euskara Batzordearen adierazpena irakurri zuen Txoltxan Txoperenak ‘Lesakako herritik dator notizia’ goiburupean (beheitian osorik), eta berak jakinarazi zuen aurtengo omenduak eta sua pizteko ardura izanen zutenak Lesakako kazetariak eta komunikabideen munduan ibilitakoak izanen zirela. Horien ordezkari izan ziren plazan Estitxu Fernandez, Maddi Ane Txoperena, Amaia Eneterreaga, Jabier Eneterreaga, Lupe Ordoki, Enara Aranburu, Miren Rubio, Paola Oskoz eta Aitor Arotzena, baina gogoan izan zituzten Lesakara etortzerik izan ez zuten Antton Erkizia, Koxkonta Irratiko sortzaile eta esataria, edo Mikel Rodriguez edo Maite Bidarte, bertzeak bertze.

Sua piztu ondotik, Ezpata-dantzari taldeak entsegua ere egin zuen plazan sanferminei begira, Beñat Ordoki aitzinesku berria gidari zutela eta txistularien doinupean. Ondotik, herri afaria izan zen norberak eramandakoarekin. Euskara Batzordearen kontu izan ziren mahaiak eta aulkiak eta plazan bertan izan zen edaria. Afaldu eta gero zozketa egin zuten eta dantzaldia Gabenara taldearekin.

Lesakako Euskara Batzordearen adierazpena

 

Lesakako herritik dator notizia

Mikel Laboak musikatu zuen Xenpelarren bertsoak zera zioen:

Pasaiako herritik dator notizia

zezen bat izan dala jenioz bizia,

kantatutzera noa bertan ikusia

alegratzeko triste dagoen guzia.

 

Beraz, Xenpelarrek eman zigun notizia, berak bertan ikusia, alegratzeko triste dagoen guzia.

Bai, betitik jakin nahi izan dugu gure auzoan, herrian, eskualdean, herrialdean, kontinentean eta munduan gertatu edo gertatzen ari denaren berri.

Baina gaur den egunean hiperinformatua dagoen gizarte honetan ez dakigu ia zer sinetsi edo zer ez; izan ere, boteretsuek euren interesen zerbitzura paratu dituzte hedabide guziak eta nahierara ematen digute berri-purea hausnarrean ibili gabe aisa irents dezagun.

Zorionez jarrera kritikoa duen herri honek sortu du berrigintza alternatiboa, azpitik goiti eraikia, non ildo ofizialetik kanpo ibiltzeko tresnak ematen dizkiguten. Gure herri eta inguruetatik Euskal Herri osoraino zabaltzen diren hedabideak martxan jartzeko gai izan gara: bere garaian Koxkonta Irratia Lesakan, Ttipi-Ttapa aldizkaria eta telebista, Xorroxin irratia, Antxeta irratia, Xaloa telebista, Berria, Gara, Argia, bertze hainbertzeren artean, herriaren lanari eta bulkada ekonomikoari esker eskura ditugunak.

Eta Lesakari dagokionez hainbat lagun ditugu bertzelako kazetaritza honetan aritzen direnak eta gaur udako solstizioaren bueltan omendu nahi ditugunak gure eskerrak eta animoak ematearekin batera.

Egun batean mendi txangoa egiten ari zen mendizale bati urruti xamar zegoen baserri bateko aitona hurbildu zitzaion: Etorri, etorri, ekarri solas batzuk. Jakin nahiak jota zegoen gizon hura. Gu ere haren modura zuei zuzentzen gatzaizkizue eta solas batzuk ekartzeko eskatzen dizuegu, jakinda zuek ekartzen dizkiguzuenak zintzoak, zuzenak eta kritikoak izanen direla eta mundu korapilatsu hau ulertzera lagunduko digutela egiaren bidetik.

Gora Lesakako eta munduko kazetari zintzoak!!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun