«Bizi duina izateko» 1.080 euroko guttieneko pentsioa beharrezkoa dela oroitarazi dute pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 21a, 11:30

Ikasturte honetako azken elkarretaratzea aste honetan egin dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek. Astelehenean Lesakan 39 lagun bildu ziren eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren aldarrikapen nagusietako bat izan dela oroitarazi zuten: «1.080 euroko pentsioa». Hala, 2024ko aurrekontuak prestatzen hasten direnean, «pentsiodun guztiek guttienez 1.080 euroko pentsioa jaso ahal izateko behar den diru kopurua paratzeko» eskatu zioten Nafarroako Gobernuari.

Baztan-Bidasoko pentsiodunek garbi utzi nahi izan zuten «tinko planteatuko» dutela aldarria: «Zuzenbidean, uda azkenerako gobernu berria osatuta izanen da, eta bete-betean hasi beharko du 2024ko aurrekontuak prestatzen. Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduan tinko planteatuko diogu pentsiodun guztiek guttienez 1.080 euroko pentsioa hartu ahal izateko behar den diru kantitatea aurrekontu horietan sartzeko».

Kontatu zutenez, «Nafarroako pentsiodunen artean % 40k 1.080 euro baino guttiago kobratzen du, 51.306k, eta horietatik 21.493k Gizarte Segurantzatik kobratu zuten 743 euroko pentsioen guttieneko osagarria». Eta genero arrakala «nabarmena» dela salatu zuten: «% 74 emakumeak eta % 26 gizonak».

Egoera ikusita, «bizi duin bat izateko beharrezkoa» jotzen du «hilabetean 1.080 euro eskuratzea 14 ordainsaritan».

Uztailean eta abuztuan atsedenaldia hartuko dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek, «indarrak hartzeko», baina ikasturte berriari begira «berriz ere motxila kargatua» izanen dutela argitu dute, «erronkek hor segitzen baitute». Bide batez, pentsioei buruz ari badira ere, «afera jendarte guztiarena» dela azpimarratu dute, eta hala, «bertze eragileekin elkarlana eginen dugu ekimen sozialen bidez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun