Xabier Ortego Beola

«Ttikitatik hagitz gustukoa izan dut matematika»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 10a, 08:00

Berako ikasle gaztea da Xabier Ortego Beola. Matematika du gustuko, eta 'Tornamira' Matematika Olinpiadetan parte hartu du berriki, baita emaitza ona lortu ere, txapeldun izan baita bere bikotekidearekin batera

Nola definituko zenuke zeure burua?

Hagitz burugogorra, langilea, hiztuna eta pazientziarik gabea.

Zein dira zure zaletasunak?

Dantza, matematika eta hizkuntzak ikastea dira nire zaletasunak.

Non ikasten ari zara?

Toki Ona ikastetxean ikasten ari naiz, DBHko 2. mailan.

'Tornamira' Matematika Olinpiadetan parte hartu duzu berriki. Nola sortu zitzaizun joateko aukera?

Nahi zuena joaten ahal zen, nik hasieran ez nuen gogo haundirik joateko, baina nire irakasleak konbentzitu ninduen.

Nolako esperientzia izan zen? Ikasle aunitz zineten?

Hagitz ongi pasatu nuen nire bikotekidearekin. 150 pertsona inguru ginen.

Zer egin behar izan zenuten proban?

Sei galderako azterketa bat egin behar izan genuen. Egia erran, zailagoa izatea espero nuen.

Txapeldun izan zinen Mattin Oiartzun bikotekidearekin batera. Espero zenuten?

Ez genuen inondik inora espero lehendabiziko hiruen artean gelditzea, eta oraindik guttiago irabaztea.

Ekainaren 23tik 26ra Tenerifen eginen den olinpiadetan Nafarroa ordezkatuko duzue. Gogotsu?

Bai, hagitz gogotsu eta kontent nago sari hau irabazteagatik eta Kanariar uhartera joateagatik.

Etorkizunean matematikarekin zerikusia duen zerbaitetan aritzea gustatuko litzaizuke?

Bai, aunitz gustatuko litzaidake, ttikitatik matematika hagitz gustukoa izan dutelako.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Nire ikasketekin segitzea, zientzietako batxilergoa egitea eta dantza urbanoa egiten segitzea.

Eta zein dira zure asmoak epe luzera?

Etorkizunean unibertsitatera joan nahi dut, baina dudatan nago matematika, fisika eta kimika aukerekin. Horrez gain, lan bat lortu eta mundutik zehar bidaiatu nahi dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun