Dantzari Ttiki eguna eginen dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 8a, 09:00

Añorgako, Zaldibiako eta Lezoko dantzariak izanen dira Dantzari Ttiki egunean Berako Gure Txokoa Dantza Taldekoekin batera

Dantzari Tiki eguna antolatu du larunbatean, ekainaren 10ean Gure Txokoa Dantza Taldeak. Herriko dantzariak eta Gipuzkoatik etorritako hiru talde ariko dira: Añorgako Arkaitz, Zaldibiako Iztueta eta Lezoko Murixka.

10:00etan ailegatuko dira dantzariak herrira eta 10:30ean aterako dira hiru taldetan banatuta Berako karriketan barna dantza egitera herriko dantzariekin batera.

Talde bat Agerrara joanen da, bertz bat Legian barrena, San Esteban karrikara eta Burga plazara eta azken taldea lehenengo zahar etxera eta handik Eztegara pasealekuan barrena Ugalzubia karrikara eta Matzadara.

Talde guztiak 12:00etan elkartuko dira Iamotenean eta karrika-dantza eginen dute Merkatu plazara. Bertan, 12:30ean dantza jaialdia eginen dute talde denek. Eguraldi txarra bada Eztegara frontoian iznen da jaialdia.

Ondotik, kanpoko haurrak Berako haurren etxeetara joanen dira bazkaltzera, eta eguna bukatzeko 16:00etan hasita Jeiki Hadi taldearekin dantzaldia izanen da Labiaga ikastolako estalpean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun