Zentral eolikoak eskualdean

Makroproiektu eolikoen kontrako Azkua Bizirik taldea aurkeztu dute Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 5a, 15:00

Azkua Bizirik taldearen lehen agerraldi publikoa, igandeko Gasna Feriaren harira.

Eskualdeko bertze herri batzuetan bezala Etxalarren ere kezka sortu da makropoligono eolikoak direla-eta, eta horien eraikitzea galarazteko asmoz, joan den astean eratu den Azkua Bizirik taldearen aurkezpena egin dute ekainaren 4an, Gasna Feriaren egunean.

Sustrai Erakuntza Fundazioa eta Endara Bizirik taldeek gisa horretako proiektuei buruz gure herrian emandako hitzalditik abiatuta, herritarrei irekitako bi bilera egin dituzte eta horietan eratu dute taldea. Atzo Gasna eta Artisau Azoka zela baliatuz, plazan lehendabiziko agerraldia egin zuten.

Azokak iraun zuen bitartean mahai bat paratua izan zuten plazan, antolatzaileek horretarako aukera eman baitzieten. Bertan makropoligono horien eraikitze-lanak agertzen dituzten argazkiak ikusgai jarri zituzten (Iruñerriko irudiak, Alaitz mendilerroa...), hurbildu ziren herritarrei informazioa emateko asmoz. Talde eratzeko arrazoiak agertzen dituen aurkezpen-idazki bat ere banatu zuten.

Aldi berean, heliozko globo sorta bat aireratu zuten, makropoligono horietako dorre bakoitzak izaten duen altueran. Ikusgarria izan zen, eta bereziki adierazgarria elizaren parean jarri zenean, dorreek duten dimentsioa irudikatzeko.

Goizean zehar herritar andana hurbildu zen mahairat, aunitzekin solastatzeko aukera izan zuten Azkua Bizirik taldeko kideek, eta atsegin hartu zuten guziek ere babesa eta euren laguntza eskaini baitzieten. Aipatzekoa da astebete lehenago Etxalarko udalak ere aho batez onartu zuela gisa horretako proiektuei urtebetean bederen baimenik ez emateko akordioa.  

Nahi duen orok parte hartzen ahal du ortzegunetan Kultur Etxean egiten dituzten bileretan (18.30ean), eta Azkua Bizirik ekimenari lotutako informazioa eskuragai da sare sozialetan ere:


instagram.com/azkuabizirik

facebook: azkuabizirik

 

Aurkezpen-idazkia

Azkua Bizirik!

 

Etxalar makroproiektu eolikotik babesteko bildu garen herritar taldea gara. Bat egiten duen guzia guregana biltzeko deia egiten dugu.

1. Herri bizia. Madrilgo ZELENA Renovables enpresak gure mendietan parke eoliko erraldoia egin nahi izatea izugarria zaigu; ez da aintzat hartzen hemen bizi garela, natura eta kultura balioa.

Ez baita herri biziarekin bateragarria

Hau ez dugu guk bakarrik erraten: Lesakako eta Erro-Esteribarko proiektuak gibelerat bota ditu Ingurumen Sailak. Bertzeak bertze, hegaztien iragaitea trabatuko luketelako. 

Etxalar Etxalar baldin bada, Azkuaren gisako bere inguruari esker da. Kalitate haundiko bizimodua ematen digu: Naturaz gozatzea, edateko ur-garbia, lasaitasuna eta hats-hartze osasungarria, eta baliabideak. Izaera ere bai, aspalditik honat kultura bat bizirik baita gure herrian. 

a) Hegaztien pasarako garrantzitsua da Etxalar, eta bertan dugu Usategieta ere. Lehendik badira zailtasunak, pasa aldatzen ari da; pareko mendietan haize-errotak jarriz bidea erabat itxiko litzake.

b) Aziendendako bazkalekuak ere geroz eta gutiago dira, eta murriztu eginen lirateke mendi-gainetako larreak hondatzean; horiei lotuak diren abeltzaintzarako diru-laguntzak (PAC) ere bai.

Ohar gaitezen jokoan dagoenaz!

2. Halako proiektuak ez dira herritarren beharrak asetzeko. Multinazionalen irabazi asmo soilak bulkatzen ditu, eta dirutza haundia tartean delako babesten dituzte gobernuek. Beraz, ez dugu onartzen informazioa manipulatuz herritarrak nahastea.

-BADIRA energia ekoitzi eta kontsumoa asetzeko AUKERAK; eta herritarrok erabaki eta tokian tokiko baliabideei egokitzen diren ereduen ALDEKOAK GARA. 

Nafarroako esperientzian ageri da makropoligono eolikoekin ez dela kontsumoaren afera moldatzen, gainerako lurraldeen egoera berberean baikaude; kontsumitzen dena kutsatzaile diren iturrietatik heldu da, eta argindarraren faktura ere nafarrok berdin-berdin ordaintzen dugu… 

Ohar gaitezen: Gure herrian diren bi zentraletako argindarra saltzea zaila da. Beraz, ez da ekoizpen kontua, merkatu-afera baizik! 

Guziz gainera, makropoligonoak ez dira eraginkorrak: diru publikoz lagundurik egiten dira eta akautu orduko, berriz eraikitzen hasten dira, eremu haundiagoa hartuz, bide zabalagoak eginez eta azpiegitura gehiago behar direlarik… zirrika bueltaka ibilki da guk gelditu arte!

3. Gurea zaindu! Mendien zati haundiena herri-lurra da -komunala- eta segur aski hala delako zaindu da. Hemendik aitzinerat ere hala izateko proiektu hori erabat gelditzeko eskatzen diogu Udalari, bere esku dagoen guzia eginez herriko ondasuna herriaren beharrak asetzeko!

Enpresek edozein udal ttiki tentatzeko moduko diru kopuruak eskaintzen dituzte, baina mendia basamortu bilakatzea garestiagoa da: Etxalarren Azkua Bizirik!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun