Orabideko Kortariko gasnak irabazi du Etxalarko Ardi Gasnen XXX. Lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 5a, 13:00

Jende aunitz bildu da asteburuan Etxalarko Gasna eta Artisau Feriaren XXX. edizioan. 11 gasna aurkeztu zituzten lehiaketara.

Larunbatean hasi ziren ekitaldiak Etxalarko IV. Ardi zakur lehiaketarekin. Txapelduna Roger Jauretxe izan zen Pop zakurrarekin. 5 minutu eta 57 segundu behar izan zituen  egitekoa burutzeko. Bigarren Marzel Hualde izan zen Mendi zakurrarekin eta  7 minutu eta 28 segundu behar izan zituen proba egiteko. Hirugarren postuan Jabier Zubiaurre eta Mendi zakurra gelditu ziren 11 minutu eta 17 segunduko denbora eginda eta laugarren Jose Mari Bengoa Zeu zakurrarekin.

Ondotik, Mardaixa Gorria artisauaren eskutik, Artiletik harira tailerra izan zuten frontoian eta eguna bukatzeko, Juan Mari Beltran laukotean aditzeko aukera izan zuten.

Igandean, gasna eta artisau feriak hartu zuen lekua frontoian. Hainbat postu paratu zituzten eskualdeko artisauek eta Etxalarko trikitilariak ibili ziren giroa alaitzen.

 11 gasna aurkeztu ziren lehiaketara. Irabazlea Orabideko Kortariko bordako Julen Arburua izan zen, bigarrena Lesakako Otxuneko Agoitz Altzugarai eta hirugarrena Etxalarko Jorge Arizaleta

Etxalarkoen artean irabazlea Landaburuko bordako  Joseba Danboriena izan zen eta bigarren Bittor Iribarren. Epai mahaia Patxiku Iribarrenek, Leire Mitxelenak, Bautista Telletxeak, Angel Urtxegik, Ana Lazkanotegik eta Manolo Arozenak osatu zuten. 

Sari banaketarekin batera lehiaketara aurkeztutako gasna erdiak zozketatu zituzten. Oraindik 3 zenbaki saridun ez dira agertu: 7483, 7467, 7323. Zenbaki hori dutenak, Altxata elkartearekin jarri beharko dira harremanetan.

Eguna bukatzeko, 130 lagun bildu ziren Bankako menditarrek girotutako bazkarian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun