Tom McGrath iheslari irlandarra oroitu dute Beran Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak antolatuta

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 5a, 12:00

Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak antolatuta, 1942an Poloniako nazien kontzentrazio eremu batetik ihes egin zuen Tom McGrath iheslaria omendu dute Beran asteburuan

Poloniatik Alemanian eta Frantzian barrena ihes egin eta 1943an ailegatu zen Euskal Herrira Tom McGrath iheslari irlandarra. Ihesean Beratik pasa zen, eta egindako bide hori oroitu eta McGrath lagundu zutenak omendu dituzte asteburuan. Ortziralean hasi ziren ekitaldiak Hernanin, eta Donibane Lohizunen, Zokoan eta Urruñan geldialdiak egin ondotik, igandean ailegatu zen martxa Berara.

Urruñatik oinez ailegatu ziren Ibardingo lepora eta bertan zain zituzten Berako Udaleko ordezkariak eta baita hainbat herritar ere. McGrathen bidea laburbiltzen duen testua bat irakurri zuten euskaraz eta ingelesez. Ondotik, Jon Zelaieta dantzariak aurreskua dantzatu zien McGrathen semeari eta bilobari.

Herritar talde batek gidaturik, oinezkoak 13:40 aldera ailegatu ziren herriko plazara. Berako plazan udal ordezkariak eta herritarrak zituzten esperoan. Eguzkitik eskapo, herriko etxeko arkupetan egin zuten omenaldi ekitaldia. Hasteko, Aitor Elexpuru alkateak hartu zuen hitza. Bera muga herria dela oroitarazi zuen  eta ongi etorria eman zien bertaratuei.

Ondotik, Tom McGrath zenaren semea den eta izen bera duen Thom McGrathek, Erresuma Batuko artxiboko testu bat irakurri zuen. Aipaturiko testua, bere aita zenaren kontakizun bat zen. Erresuma batuko eta estatu Batuetako inteligentzia agentziek egindako elkarrizketa batetik hartutako pasarte bat. Tom McGrathek, ingelesez zegoen testua leitu zuten. Ondotik, Joe Lineeham irlandarrak eta Patxi Iñigo Berako apaizak, aipaturiko testua laburtzen zuen euskarazko idatzia irakurri zuten.

Berako Udaleko zinegotzi eta bertsolaria den Patxi Castillok, bi bertso kantatu zituen eta bertsoen ondotik, Berako Udaleko ordezkari gisa, Ines Matxiarena zinegotziak lore sorta bana oparitu zien Tom eta Erik McGrathi. Tomek hunkituta, esker oneko hitzak izan zituen eta Berako Udalak bere aita oroitu izana eskertu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun