Jokin Telleria beasaindarrak irabazi du Lesakako X. Elias Garralda margo azkarreko lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 5a, 11:00
X. Elias Garralda margo azkarreko lehiaketako saridunak, epaimahaikideekin batera, sari banaketaren ondotik.

Artistaz bete zen Lesaka igande goizean. 'Lesakako herrigunea’ zen margoen gaia eta herriko karrikak izan ziren protagonista Beti Gazte elkarteak hamargarren urtez Elias Garralda zenaren omenez antolatutako margo azkarreko lehiaketan margotutako koadro guztietan. Javier Igoa, Juan Carlos Pikabea eta Iciar Mikelperizena margolariek osatutako epaimahaiak aukeratu zituen irabazleak.

Beasaingo Jokin Telleria Telleria margolariak lortu zuen lehenbiziko postua eta 700 euro jaso zituen. Iruñeko Felix Flamarique Martinez artistak lortu zuen bigarren  saria, 350 eurokoa. Etxeko margolariaren saria Rakel Arlegi Goienetxek lortu zuen, 150 euro. 

Margo lehiaketako bi lehenbiziko sariak lortu dituzten lanak.


Haurrek ere parte hartzeko aukera izan zuten, hiru kategoriatan banatuak; A kategorian (LH 1 eta 2) Nahia Ordoki Karrerak irabazi zuen, B kategorian (LH 3 eta 4) Olaia Irigoien Ballesterrek lortu zuen saria eta C kategorian (LH 5 eta 6) Irati Berges Txoperena izan zen garaile. Sariak Lesakako Zerbitzu Elkarteak eskainitako 30 euroko bonuak izan ziren eta Iñaki Portuk eman zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun