Ekainaren 3an, larunbat arratsaldean emanen zaio hasiera asteburuari, 16:00etan Errota pareko zelaian eginen den Etxalarko IV. Ardi zakur lehiaketarekin. Ximitx, Puki, Zeu eta Mendi zakurrak saiatuko dira artaldeak itxituran sartzen. Ondotik, Mardaixa Gorria artisauaren eskutik, artiletik harira tailerra izanen da frontoian. Artile garbia kardatu eta haria egiteko prozesua erakutsiko du. Egunari akabera emateko, Juan Mari Beltran laukotean entzuteko aukera izanen da plazan.
Ekainaren 4an, igandean, 10:00etatik 11:00etara lehiaketako ardi gasnen harrera izanen da. 10:00etatik 13:30era plazan eta frontoian artisau postuak eta salmenta. Bazkal aitzinetik eginen da XXX. Eskualdeko Ardi Gasnen Lehiaketako sari banaketa, eta bazkal ondotik gasna hauek dastatzeko aukera izanen da. Bankako menditarrak arduratuko dira bazkalondoan giroa jartzeaz. Igandean goizean zehar bertze hainbat gauza ikusteko aukera ere izanen da: Iriondoan baserriko lan tresnen erakusketa zabalik egonen da, eskola zaharretan eskulan ikastaroko lanak erakusgai jarriko dituzte eta trikitilariek kalejira eginen dute. Gasna feriaren XXX. Urteurrenaren harira, larunbatean egun osoz, eta igande goizean, Kultur etxean, 30 urteetako gasna feriei errepasoa eginez, argazki eta bideo proiekzioa egonen da.