Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak bi ekitaldi eginen ditu igandean Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 31a, 12:00

Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkartearen omenaldia 2021ean.

Asteburu honetarako Euskal Pirinioak Askatasun Bideak Elkarteak oroimen historikoaren inguruko ekitaldiak antolatu ditu, eta horietako bi Beran izanen dira igandean. 

1942an gerrako preso batek nazien kontzentrazio eremu batetik ihes egin zuenekoa izanen dute gogoan asteburuan. Irlandako Tom McGrath kaboak Poloniatik Alemania eta Frantzian barrena ihes egin zuen eta 1943an Euskal Herrira ailegatu zen. Aurtengo edizioan iheslariaren azken etapa oroituko dute; Donibane Lohizunen hasi, Urruñan barna pasa, eta Ibardingo Lepotik Beraraino egin zuena. 

Asteburuan Tom McGrath iheslariari lagundu zioten guztiei omenaldia eginen diete eta aldi berean baita lagundu zioten guztiei ere. Gainera, McGrathen semeak eta ilobak ere parte hartuko dute ekitaldietan. 

Ortziralean hasiko dituzte ekitaldiak Hernanin. Bertan, Hernaniko mugalariei eta laguntzaileei omenaldia eginen diete. Biharamunean, hilaren 3an izanen dute segida ekitaldiek. Goizean omenaldiak eginen dituzte Donibane Lohizunen eta Zokoan, eta handik Urruñara joanen dira eta han ere omenaldiak eginen dituzte. 

Igandean ailegatuko da oinezko martxa Berara. Ibardingo lepoan 11:30ak aldera omenaldia eginen diote Tom MCGrathi, haren semea eta iloba aurrean direla. Ondotik, 13:30ak aldera Berara jaitsiko dira eta bertan bertze omenaldi bat eginen dute herritarrekin eta udalarekin. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun