Lesakako elkarte eta taldeek beraien lana plazaratu dute Kultura Azokan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 30a, 13:00

Sorginxulo kultur bilguneak eta Lesakako udalak antolatutako Kultura Azoka izan zen larunbatean, herriak duen kultur eskaintza plazaratzeko erakusleiho bikaina. Honela, larunbat goizean, txistularien karrika-buelta, bertsolarien bingoa, trikitilarien, musika bandaren, akordeoilarien eta abesbatzaren edo Arrano Band eta Olaiaren emanaldiak izan ziren, eta buruhandiak karrikaz karrika ibili ziren. Beharbada, ikusgarriena plaza inguruan paratu zen erakusketa izan zen. Bertan, herriko elkarte, talde eta ikastetxeek beraien lanak plazaratu zituzten.

Bereziki, herriko bi ikastetxeek egindako lana aipatu behar da. Tantirumairu ikastolak urtez urte argitaratutako Piper Gorri aldizkariak plazaratu zituen eta Irain eskola publikoak, argazki zaharrekin egindako erakusketa dotorea plantatu zuen. Beti Gazte elkarteak ere bere materialarekin mahaia paratu zuen eta herriko eskulangile eta ekoizleekin batera egindako azoka ederra gelditu zen plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun