Lesakako haurrek loreak landatu dituzte herrian, 11 lore proiektuarekin

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 26a, 15:30

Loreen zaintzaz sentsibilizatzeko karteltxoak paratu dituzte loreontzietan

Argazkiak eta testua: Tantirumairu ikastola

Duela bi aste, Tantirumairu ikastolako Haur Hezkuntzako ikasleen belarrietara herriko loreontzietako loreak falta zirela ailegatu zen. Astirik galdu gabe, Plaza Zaharra eta Arretxea ingurura hurbildu ziren.

Harat ailegatutakoan, zurumurruak baieztatu ziren: loreontzi anitz lorerik gabe aurkitu zituzten eta arrazoi eta soluzioak bilatzeri ekin zioten Tantirumairu ikastolako Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleak. Segituan ohartu ziren laguntza beharko zutela eta 5. eta 6. mailako ikasleei gertatutakoaren berri eman zieten eta Iraingo ikasleak ere ekimenera gonbidatu zituzten.

Horrela, alkateari gertatukoa azalduz eta irtenbideak proposatuz bideo bat bidali zioten. Ladisek berehala erantzun zuen eta laguntzeko prest agertu zen. Ladis eta Maite, herriko lorezaina, ikastolara hurbildu ziren eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.mailako ikasleekin bildu ziren. Iritziak elkartrukatu ondotik, landatu ohi ziren lore motei buruz solastatu ziren eta hauek landatzeko aholkuak ere jaso zituzten. Bilera hartan, lore berriak elkarrekin landatu behar zituztela erabaki zuten.

Gaur, maiatzaren 26a, loreak landatzeari ekin diote eta baita hauek zaintzeaz sentsibilizatzeko helburua duten karteltxoak paratzeari ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun