Ortziralean banatu zituzten Berako Kultur etxean Baztan-Bidasoko XXXVI. bertsopaper lehiaketako sariak. Denera lau kategoriatan banatu dituzte lanak, eta kategoria bakoitzean bi saridun izan dira. Sariak banatzearekin bat, irabazleek beren bertso sortak kantatzekoak zituzten publikoaren aitzinean, eta bertso eskolako ikasleek hiru antzerkitxo eta bapateko bertso saioa ere egin zituzten, oinak emanda.
Denera 105 bertsopaper hartu dituzte, eta hauek izan dira 8 saridunak.
A mailan, 2012an edo ondotik jaiotako haurrek parte hartu dute eta Berako Elorri Goñi Elortzak eskuratu du lehen saria Natura bertso sortarekin. Bigarren saria Lesakako Elaia Mindegia Aranbururentzat izan da Baztan-Bidasoa lanagatik. Lehen sariak garaikurra eta 50 euro jaso ditu eta bigarrenak garaikurra eta 30 euro.
B mailan, 2011tik 2009ra sortutako gazteak saritu dituzte eta Berako Iraun Zestau Telletxearentzat izan da lehenengo saria, garaikurra eta 100 euro. Bigarren saria Elizondoko Oyer Saharrea Etxegarairentzat izan da Landa eremuen defentsan. Erdiz bizirik! lanagatik. Sari gisa 70 euro eta garaikurra lortu ditu baztandarrak.
C mailan, 2008tik 2005era jaiotako gazteetan Bortzirietan gelditu dira bi sariak. Ziortza Goia Mitxelena beratarrak lortu du lehen postua Kotxeko karneta lanagatik. 150 euro eta garaikurra jaso ditu sari gisa beratarrak. Bigarren postuan, aldiz, Arantzako Kattin Madariaga Apaolaza saritu dute Kakaoa ezpainetan bertso sortagatik. 120 euro eta garaikurra hartu ditu saritzat.
Helduen mailan, D mailan ere Bortzirietan gelditu dira bi sariak. Lehen saria Eneko Fernandez Maritxalarrentzat izan da Begien bistan gaude baina... sortagatik. Garaikurra eta 200 euroko diru saria jaso ditu lesakarrak. Bigarren saria Lesakako Uxue Mesa Garmendiarentzat izan da Udaberria Udabetia lanagatik. 150 euro eta garaikurra jaso ditu saritzat.