Lesakako saihesbidea egiteko aukeren azterketa eskatu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 25a, 14:00
Gaur egun zeharbidea herri erditik igarotzen da Lesakan. Saihesbidearekin, fabrikaren ipar aldetik igaroko da trafikoa.

 

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri-Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Lesakako saihesbidea eraikitzeko alternatiben azterketa eskatu du. Gaur egun, NA-4000 zeharbidearen trazaduraren zati bat, N-121-A errepidea Oiartzungo (Gipuzkoa) udalerriarekin lotzen duena, herriaren erdigune historikotik igarotzen da, eta horrek bide-segurtasuna arriskuan jartzen du, zenbait ibilgailu astunen zirkulazioa eragozten du eta eremuaren garapena kaltetzen du.

Aipatzekoa da zeharbideak arautzen dituen araudiaren arabera, Lesakako morfologiarengatik eta konfigurazio historikoarengatik, eraikinen arteko distantzia ez dela nahikoa, eta horrek eragiten du, batetik, biztanleria-dentsitate handieneko bi auzok ez dutela espaloirik herriko erdigunera ailegatzeko, eta, bertzetik, 12 metrotik goitiko ibilgailu astunak ezin direla eremu horretan ibili.

Herriaren hazkundeari dagokionez, gogoratu behar da Lesaka Baztan-Bidasoaldeko motor ekonomikoetako bat dela, eta Lapurdiko eta Gipuzkoako mugatik eta Iruñetik gertu egonik, nazioarteko zenbait enpresa hartzen dituen bi industrialde ditu. Herrigunea gurutzatu gabe poligono horretara sartzea ezinezkoa izateak bertze eragozpen bat dakar garapen ekonomiko eta urbanistiko horrekin segitzeko.

Modu berean, etorkizuneko saihesbide horri esker, gaur egun Lesakako herrigunean bultzatzen ari den mugikortasun-plana bukatu ahal izanen da. Horretarako, oztopo arkitektonikoak kendu, espaloiak eta galtzada berdindu eta batez ere oinezkoentzat eta bizikleta erabiltzeko pentsatutako eremuak sortzen ari dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun