Ohiko merkatu ttikiarekin batera kultura azoka izanen dute larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 25a, 13:00
Txistularien karrikabueltarekin abiatuko da larunbatean ekitaldiz gainezka datorren kultura azoka.

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte goizean

Ohi bezala, hilabeteko laugarren larunbatean merkatu ttikia antolatu dute maiatzaren 27an Lesakan. Baina horrekin batera, 10 urte, hamaika dinamika programaren barrenean, kultura azoka ere antolatu dute Sorginxulo kultur bilguneak eta Lesakako Udalak, herriak duen kultur eskaintza plazaratzeko.

Larunbatean 10:00etan txistulariek karrikabuelta eginen dute. 11:00etan kultura azokaren aurkezpena eginen dute plazan. 11:10ean bertsolarien bingoa izanen da eta 11:30ean trikitilariak abiatuko dira Eltzeta plazatik Plaza Zaharrera. 12:00etan trikitixa taldearen eta dantza saioa izanen da. 12:30ean musika bandaren kalejira eta buruhaundiak. 13:00etan Arrano Band eta Olaiaren kontzertua. 13:00etan, akordeoilariekin eta abesbatzarekin kantu bira abiatuko da Antoiutik. 14:00etan azokaren bukaera izanen da, pintxoekin eta euskal kantuekin.

Merkatu ttikia ere

Aipatu bezala, ohiko merkatu ttikia ere eginen da Beheko Plazan eta Plaza Zaharrean, larunbatean 10:00etatik 14:30era, bertako artisau eta produktuekin. Euria eginez gero frontoian izanen da. Artisau, ekoizle, komertzio eta udalaren arteko elkarlanarekin egiten da azoka hau, «toki ttikietan gauza handiak gertatzen direlako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun