Berako Udalak eskerrak eman nahi dizkizue eurite beldurgarriak eragindako kalteak konpontzeko auzolanean aritu zareten guziei. Berako eta Lesakako suhiltzaile boluntarioei, Bortzirietako Hondakinen Mankomunitateko langileei, traktoreekin lagundu zenuten baserritarrei, herritar orori. Adin guzietako lagunak atera zineten beharra ikusi orduko, katiuskak eta palak hartuta. Goizaldeko ordu ttikietatik ekinean aritu zineten elkarrekin, eskuz esku karrikak txukuntzen eta hondamen handia jasan duten komertzioei eta ostatuei laguntzen.
Ez zenuten pentsatu ere kasik, barrenetik atera zitzaizuen babesa emate hori. Eta horren parte izatea ederra izan da. Ingurura begiratu eta dena zen txikizioa, baina auzolanaren irudia hunkigarria zen. Hondamen honek zerbait ona ere ekarri du: herri eta komunitate baten kide sentitzeko aukera eman digu inoiz baino gehiago. Beratar izateaz harro sentitu gara. Eta bidea elkar zaintzea dela ikusi dugu.
Beralandetan jarri zuen udalak informazio puntua, bertatik koordinatu zuen laguntza guztia larunbat goizean goizetik gauera arte. Jende aunitz agertu zineten, aunitzek kafea eta jatekoa eskaini zenuten.
Igandean eta hurrengo egunetan ere segitu du auzolanak, zeregin aunitz baitago oraindik. Bi lan ildo ditu irekiak udalak: alde batetik, Bera hondamendi eremu izendatzeko eskatzea, eta bertzetik Nafarroako Gobernuko ezohiko dirulaguntzak lortzea.
Euri uholdeari elkartasun uholde batek segitu dio, eta horretan jarraitu behar dugu, herrian bertan kontsumituz.
Klima aldatzen ari da eta uholde eta sute arriskua gero eta handiagoa dela dirudi. Azkenaldian bietatik izan dugu Beran. Prest egon beharko dugu, eta ahalegina egin horien eragina ahalik eta ttikiena izan dadin, adibidez mendi, ibai eta errekak garbi mantenduz.
Zorionak eta milesker bihotzez denei!