‘Bihotz, bi hots, bi txotx!’ bakarrizketa izanen dute maiatzaren 26an Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 24a, 10:00

Garazi San Martinek eskainiko du bakarrizketa ortzirale arratsaldean Etxalarko kultur etxean.

Garazi San Martinek eskainiko du Pello Apezetxea kultur etxean, ortziralean 19:00etan hasita

Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak antolatua, LGTBI+ gaien inguruko emanaldiak egiten hasiak dira. Maiatzaren 9an egin zen lehena Beran, ‘Transformatzen’ dokumentala eman baitzuten Beralandetan. Hurrengoa, maiatzaren 26an, ortziralean 19:00etan Etxalarko Pello Apezetxea Kultur Etxean izanen da, 'Bihotz, bi hots, bi txotx!' bakarrizketa saioa, hain zuzen.

Bakarrizketa Garazi San Martinek emanen du eta 16urtetik goitiko jendeari zuzenduta dago. Ekitaldia doakoa da.

Maitasun erromantikoari kritika sakona da bakarrizketa, eta horren ildora hainbat gai ukituko ditu: polimaitasuna, espazioen gestioa, mugak, sare sozialak... Dena bizipen bollero batetik.

Azkena ekainaren 30ean

Ekainaren 30ean izanen da azken ekitaldia. Zinegoak jaialdiko film laburren emanaldia izanen da Berako Beralandetan, ekaineko azken ortziralean, 20:00etan. Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia da Zinegoak eta bertako film laburren aukeraketa emanen dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun