Osasuna nagusitu da Berako Zelaieta futbol txapelketa solidarioan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 23a, 19:00
Osasuna eta Real Sociedad taldeak finalaren aitzinetik, Guztiok elkartearen pankarta erdian dutela.

Genaro eta Unai Zelaieta gogoan eta Bortzirietako Guztiok elkartearentzat dirua biltzeko txapelketa maiatzaren 20an jokatu zen

Guztiok elkartearen aldeko dirua biltzeko eta, aldi berean, Genaro eta Unai Zelaieta gogora ekartzeko helburua duen Zelaieta Futbol Txapelketa solidarioa bigarren urtez antolatu du Berako Gure Txokoa elkarteak. Maiatzaren 20an, larunbat goizean, uholdeekin ernatu zen herria, baina halere, txapelketa jokatzea erabaki zuen Gure Txokoak, «ordurako dena antolatua zegoelako eta futbol zelaia egoera onean zegoelako». Inguruko herrietako jende aunitz hurbildu zen eta Guztiok elkarteak ere balantze positiboa egin du.

Larunbat arratsaldean hasi zen kirol lehia Matzada futbol zelaian eta infantil mailako Osasuna, Real Sociedad, Alaves eta Baztan-Bidasoko selekzio batek parte hartu zuten. Finalerdietan, Real Sociedad taldeak 2-0 irabazi zion Baztan-Bidasoko selekzioari eta Osasunak 3-2 irabazi zion Alavesi. Hirugarren posturako lehian, Baztan-Bidasoko taldeak ezustea eman eta, markagailua irauliz, 2-1 irabazi zion Alavesi. Final nagusian, berriz, Osasuna 3-1 nagusitu zitzaion Errealari.

Lortutako diru guztia Bortzirietako Guztiok elkartearen alde izanen da. Guztiok elkartea, Bortzirietako behar bereziak edo desgaitasunenen bat duten umeen familiek dituzte osasun aroko gabeziei aurre egiteko sortu zuten. 

Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete futbol zelaira hurbildu ziren guztiei eta, batez ere, babesleei.

Baztan-Bidasoko taldeak ezustean hirugarren postua eskuratu zuen, Alavesi irabazita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun