[GUTUNA] Lesakako Bittiria karrikako uholdeak kaltetutakoen esker ona

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 22a, 09:00

Maiatzaren 20ko goizaldeko ekaitzak eragina izan zuen Bittiria karrikako hamabortz bat etxetan, lur jauzi batek izugarrizko uholdea sortu baitzuen. Aldi berean, herrian sortutako elkartasun oldea eskertu nahi izan dute bizilagunek.

Maiatzaren 20ko goizaldeak gure bizitzako momenturik latzenetako bat bizitzea ekarri zigun. Ekaitzak eragindako lur jauzi batek gure etxe eta lokaletan izugarrizko uholdea sorrarazi zuen, urak zenbait lekutan bi metroko altuera hartuz. Une hagitz gogorrak bizi izan genituen. Hasieran beldurra, ur mailak goiti nola egiten zuen ikusita. Ondotik, tristura, ezintasuna… argitasunak eragindako kalte guztiak agerian utzi zituenean. Zorionez, ez zen galera pertsonalik izan, galera material eta sentimentalak ugariak izan diren arren.

Baina egoerarik konplikatuenetan ikusten da Lesakak, gure herriak, duen baliorik handiena, bere herritarrak. Laguntza gehien behar genuenean han agertu ziren, ahal zutenean ahal zutena egitera: ura etxeetatik ateratzera, urak txikitutako tresna eta gailuak zaborretara botatzera, garbitzera, garraio lanak egitera, momenturik zailenetan besarkada bat ematera… Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu bertara agertu ziren guztiei, Lesakako suhiltzaileei, Lesakako Udalari, hamaiketakoa prestatzen aritu zirenei, norberaren izenean agertu ziren boluntario guztiei, familiari, lagunei… Ez dugu sekula ahantziko egin zenuten guztia, mila esker bizilagun guztien izenean.

 

Isabel Maritxalar Altzugarai,

Bittiria karrikako uholdeak kaltetutakoen izenean

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun