DNA programako dantza egonaldia uztailean eta irailean eginen dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 19a, 20:00
Argiaren printzipioak artistikoki nola adierazi ikertuko du Dinamo dantza taldeko Carmen Larrazek Lesakako egonaldian.

Nafarroako Dantza Garaikide programako lehen egonaldia Ribaforadan abiatu da dagoeneko

Vianako Printzea Erakundeak eta Baluarte Fundazioak antolatutako Nafarroako Dantza Garaikidea (DNA) programak bere egonaldi artistikoei hasiera eman die maiatzaren 15etik 21era Ribaforadan egiten ari diren Zuk Performing Arts taldearen Quosque tándem abutere proiektuarekin. Nafarroa osoan lau egonaldi eginen dituzte, horietako bat uztailean eta irailean, Lesakako Harriondoan.

Lau egoitzetan, Zuk Performing Arts konpainiako Itsaso A. Cano, Riart Compañiako Rafael Arenas & Idoia Rodríguez, Disiden.Ciako Martín Loops & Marcia Vázquez artistak eta Dinamo dantzako  Carmen Larrazek lau astez garatuko dituzte beren sormen laborategiak, maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, Ribaforada, Zizur Nagusia, Etxarri Aranatz eta Lesakako Nafarroako Antzoki Sareko espazioetan.

Dinamo dantza taldeko Carmen Larrazek Luz garatuko du Lesakako Harriondoan

Carmen Larrazen egoitza uztailaren 3tik 7ra eta irailaren 11tik 30era izanen da Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Epe horretan Luz garatuko du, zientziak eta arteak bat egiten duten ikerketa eta sorkuntza prozesu bat, hain zuzen. Argiaren printzipioak artistikoki nola adierazi eta, aldi berean, zientziaren esparruan arte sorkuntzako tresnak transmisio pedagogikoa egiteko nola erabil daitezkeen ikertuko du.

Bitartekaritza-jarduerak

Egonaldietan, profesionalek bitartekaritza-jarduerak eginen dituzte herri bakoitzeko publikoarekin, eta hausnarketarako topaketak eginen dituzte, tailerren eta solasaldien bidez. Azkenik, bertako ikusleek egoitza bukatzean sormen-egonaldi horietan landutako obraren emanaldi bat izanen dute, dantza garaikidea sustatzeko helburuarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun