Gorka Prieto Bellver

«Bizikletan elikadura entrenamendua bezain garrantzitsua da»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 21a, 08:00

Gorka Prieto Bellver, Berako nutrizionista

Laugarren denboraldia du Gorka Prietok UAE Emirates txirrindulari taldean nutrizionista gisa. Elikadura etengabe aldatzen den zientzia dela dio, eta ezinbertzekoa dela egunean egotea

Nutrizio ikasketak egiten hasi orduko zeukan garbi Gorka Prietok kirolariekin lanean ari nahi zuela. Hasieran kontsultan denetariko kirolariak artatzen zituen arren, azken urteetan erabat murgilduta dago txirrindularitzan. Laugarren denboraldia du aurtengoa UAE Teams txirrindularitza taldeko nutrizionista gisa eta «hagitz kontent» dago. Urteko lasterketa garrantzitsuenetako baten atarian, Italiako Giroa hasteko egun gutti falta zirela elkartu da TTIPI-TTAPArekin bere sorterrian, Beran. Bertan da egun hauetan lanean.

Nondik heldu zaizu nutrizioaren inguruko interesa? 

Batxilergoa bukatzen ez nekien zer egin, eta matematikan, fisikan, kimikan... ona nintzenez ingeniaritza ikasten hasi nintzen. Hiru hilabete iraun nituen bertan eta utzi nuen. Aldi berean, nire lehengusina nutrizioa ikasten hasi zen Iruñean. Berak erakutsitakoa gustatu zitzaidan, ni ere hori ikasten hasi nintzen eta gustatu zitzaidan. Garai hartan, gainera,  dieta egiten hasi nintzen, eta gustuko nuen egiten ari nintzena. 

Hasieratik zenuen argi kirolariekin lan egin nahi zenuela?

Bai. Nire familian beti izan dira kirolariak, bizikletan ibiltzen dira nire osaba guztiak, baita aita eta aitatxi ere. Betidanik gustatu izan zait kirola.

Eta argi zenuen txirrindulariekin lan egin nahi zenuela?

Ez, hasieran mota guztietako kirolariekin egiten nuen lan. Baina azkenean zortez, edo hala etorri delako, txirrindulariekin bukatu dut eta hori da gehien gustatzen zaidana. 

Euskadi-Murias taldean hasi zinen. Nola iritsi zinen bertara? 

Xabier Murielen bitartez sartu nintzen, eta bi urtez ibili nintzen. Azken urtean erran ziguten hurrengo urtean taldeak ez zuela segituko, eta hor zortea izan nuen Josean Fernandez Matxin taldeko manager eta kirol zuzendariaren bitartez UAEn sartzeko. Elkarrizketa batzuk egin, nire pentsamendua eta nire lan egiteko modua azaldu eta lanerako hartu ninduten.

Salto haundia izan da Euskadi Murisasetik gaur egun mundu mailako talde onenetariko batera pasatzea? 

Bai. Euskadi Murias talde txiki bat zen, ez zeukan aurrekontu haundirik. Eta orain ikusten da UAEN bertze maila bat dagoela. Gainera gaur egun, munduko ziklistarik onena, Tadej Pogacar dago gure taldean. 

Zein da nutrizionista baten lana horrelako talde batean?

Nutrizioarekin zerikusia dudan dena egiten dut: protokoloa zehaztu, orduko zenbat jan behar duten, eguneroko entrenamenduaren arabera eta lasterketan jan beharrekoa… Lan aunitz egiten dut taldeko sukaldariekin, eta horren arabera zehazten diot txirrindulariari zenbat jan otorduetan. 

«Helburuen arabera planifikatzen dira dietak»

Eta zein da zure metodologia? 

Plataforma bat dugu lanerako. Bertan entrenatzaileek entrenamenduak sartzen dizkiete txirrindulariei, eta horren arabera zehazten dut nik bakoitzak zer jan behar duen, daukagun helburuaren arabera. Batzuek pisua galdu behar dute, bertzeek irabazi, mantendu… Horren arabera planifikatzen zaizkie eta bidaltzen zaizkie dieta diferenteak egunero. 

Orduan eguneroko elkarlana izanen duzue  mediku, prestatzaile, fisioterapeuta eta gainerako taldekideekin, ezta? 

Bai. Prestatzaileekin gehien bat, eta baita txirrindulariekin ere. Laguntzaileekin ere ibiltzen gara, txirrindularien lasterketako bidoietan zer paratu behar duten errateko: lasterketaren hasieran bizikletan zer janari sartu, gelak zer puntutan paratu...

Zein da nutrizionista bezala zure lanaren helburua? 

Txirrindularien errendimendua eta errekuperazioa ahalik eta onena izatea. 

Eta nolakoa da txirrindulariekin egunerokoan duzun harremana? 

Ez naiz egunero egoten. Aunitz solastatzen naiz beraiekin jakiteko nola dauden, pisua nola duten, nola sentitzen diren, janariarekin nola dabiltzan… Kontaktu zuzena izaten dut. Batzuekin egunero egoten naiz goizean eta arratsaldean, eta bertzeekin astero, bertze batzuekin hamar egunetik behin... Nortasunaren eta beharraren arabera aldatzen da harremana. Baina hori da egin behar dena elikadura plana ahal bezain luzaz betetzeko. 

Zorrotza izatea egokitzen zaizu?

Zorrotza izan behar denean bai. Tourra prestatzen adibidez, nahikoa zorrotza izaten naiz, baina denboraldi hasieran, azaroan edo abenduan ez dago kontrol hori, oraindik denbora aunitz gelditzen delako. Denboraldiko unearen arabera aldatzen da hori.

Egun hauetan ari dira jokatzen Italiako Giroa. Nolakoa da, adibidez, Giroko etapa bateko txirrindulari baten egun osoko menua? 

Lehendik planifikatzen den zerbait da etapa bakoitzaren profilaren arabera. Entrenatzailearekin aitzinetik suposatzen dugu txirrindulari  bakoitzak zenbat energia beharko duen etaparako, etapan gastatuko dituen watten arabera. Mendiko etapa batean, adibidez, zehaztua dugu, zenbat karbohidrato hartu behar dituen txirrindulari batek eta berak aukera aunitz izaten ditu hartzeko, baina zehazten den kopurua hartu behar du. Berdin du ogia izan edo porridgea, baina zehaztutako kopurua hartu behar du. Etapan ere berdin. Etaparen profilaren arabera, eta berak gastatuko duen potentziaren arabera erraten diogu zenbat karbohidrato hartu behar dituen orduko. Eta behin etapa bukatuta beraiekin solastatzen dut, izaten ahal delako aurreikusitakoa ez gastatzea faktore aunitzengatik: ezin izan duelako jan, hotza duelako eta ez duelako jateko gogorik… Ikusten dugu zenbat jan duen etapan eta gero etapa ondorengorako ditugun errekuperatzeko jakiak jaten dituzte. Afarirako, etapan egindako watten arabera doitzen zaio afaria. 

«Kontaktu zuzena izaten dut taldeko txirrindulariekin»

Eta nolakoa da adibidez zure lan egun bat Italiako Giroan? 

Lehenengo sukaldariarekin egoten naiz zer prestatu duen ikusteko. Berarekin prestatzen ditut gauzak, eta gosarian txirrindulariekin egoten naiz, eta egin beharrekoa erran, eta betetzen duten ikusten dut. Gero, beraien errekuperazio jakiak prestatzen ditut, sukaldariak prestatutakoak hartu eta autobusean uzten ditugu gerorako. Lasterketa aitzinetik zerbait jateko prestatzen diegu, eta bakoitzari berea ematen diogu. Etapa hasi aitzinetik badaki bakoitzak zer jan behar duen, eta rolaren arabera, bakoitzak egin beharrekoa zehazten dugu. Eguraldiaren arabera ere prestatzen dugu zer jan, ez baita gauza bera 30 gradutan egon edo euria egin. 

Eta lasterketa hastean? 

Autoarekin  joaten naiz txirrindulariei bidoiak eta jatekoak ematera zuzendariak zehaztutako puntuetara. Hori egitean, autobusera joan eta sukaldariak prestaturiko janari guztia ateratzen dugu. Bertan, txirrindulari bakoitzarekin egoten naiz zenbat jan duen ikusteko, eta horren arabera kalkulatzen dut afarian zenbat jan behar duen.  

Txirrindulariek izanen dute dietaren barrenean plazer txikiak hartzeko aukera, ezta? 

Bai, beti dago horretarako tartea. Lasterketa bat bukatzen denean beti izaten dute zerbait berezia jateko. Dena ez da milimetroan neurtzen eta pisatzen, beren egunak dituzte nahi dutena egiteko. Tourrean gaudenean ere izaten dugu egunen batean pizza edo hanburgesa. Hori egiten ahal da baina osagai onekin, dena ez da beti izango arroza eta pasta. Gure elikadura ez da aspergarria. Zortez sukaldari hagitz onak daude, eta errezeta aunitz ditugu: kinoa, pasta mota aunitz, saltsa pila bat… Janari hagitz ona eta dastagarria egin daiteke. Duela 10-15 urte hori izaten zen, pasta eta arroz zuria bakarrik, baina aldatu da. 

Horrek laguntzen du denbora ohitura onak mantentzen? 

Bai. Nahi duguna da dietarekiko atxikidura izatea. Guk ere badugu pasta eta arroz zuria batzuei hori gustatzen zaielako, baina aukera aunitz izaten dira. 

Nola kudeatzen duzue horrelako lasterketa luzeetan txirrindulariek txakalaldirik ez izatea? 

Gaur egun ez dira gertatzen txakalaldiak, dena pentsatua dagoelako. Hori ez da gertatzen, puntu pila dituztelako bidoiekin, gelekin... Hagitz arraroa da horrelako zerbait izatea gaur egun dena milimetrora neurtua dagoelako: entrenamendua, nutrizioa, taktika, aerodinamika... Aerodinamika hagitz hagitz garrantzitsua da, materiala ere bai. 

«100 eta 140 egun artean ematen ditut urtero etxetik kanpo»

Punta puntan dabiltzan txirrindulariak dituzue taldean. Nutrizioa bada beren errendimendu onaren arrazoietako bat? 

Bai, zati bat da. Auto bati gasolina ematea bezalakoa da, hori gabe ez baita ibiltzen. Pogacar munduko onena da, bera salbuespen bat da, baina hagitz garrantzitsua da zenbat jaten duten, eta zer janari jaten duten errendimendurako. 

Elikadurak goi mailako ziklismoan zenbateko garrantzia duela erranen zenuke? 

Gero eta gehiago. Talde bakoitzak dauka nutrizionista bat, eta kasu batzuetan baita bi edo hiru ere, eta hagitz figura garrantzitsua da. Entrenamendua bezain garrantzitsua da.

Eta noiztik ematen zaio hainbertzeko garrantzia? 

Nik uste dut azkeneko bortz urteetan izan dela boom hori nutrizioa eta kirolaren artean. Orain, futbolari guztiek edo talde guztiek daukate nutrizionista, ziklismoan ere bai, nik uste kirol guztietara ailegatzen ari dela. 

Zer ikertu badago oraindik?

Bai, beti ari dira ikerketa berriak egiten, eta beti moldatzen dugu metodologia ikerketen arabera. Zientzia bat da eta dena aitzineratzen ari da. 

Kirolean ere ezagunak dira elikadura portaeraren nahasmenduak. Nola kudeatu daiteke hori? 

Guk zortez ez daukagu inolako arazorik horrekin. Garrantzia handia ematen diogu pisuari, eta zorionez guk ez dugu ziklistarik inolako arazorik duenik. Bertze kiroletan, gimnasian eta adibidez ohikoagoa izaten ahal da. 

Goi mailako ziklismoaz gain, bertze mailatan elikadurari garrantzia handiegia ematen zaio? 

Bai. Orain jubeniletan hasita hasten dira entrenatzaileekin, nutrizionistekin… Dena aurreratzen ari da azken urteetan. Ez dakit ona edo txarra den denek nutrizionistak izatea. Dena dago neurtua potentziometroekin. Nire ustez sobera goiz da denarekin hasteko, baina, gaur egun denek daukate. 

UAE Teams taldean hagitz gustura dago Gorka Prieto.

Gero eta lehenago hasten dira?

Bai. Nik uste horren ondorioz ikusten ditugula gero eta txirrindularitzako izar gazteagoak. Pogacarrek, adibidez, lehenengo tourra 21 urte zituela irabazi zuen. Eta nik uste dut horrek ere eragina daukala. Lehen ziklismo profesionalera 23-25 urterekin pasatzen ziren aunitzetan, eta gaur egun adin hori profesional hasteko zaharra dela ematen du, aunitz 17-18 urterekin pasatzen direlako. 

Beran zaudela egin dugu elkarrizketa, baina ez zara beti hemen egoten. Urtean zenbat egun ematen dituzu etxetik kanpora?

100 eta 140 egun artean ematen ditut kanpoan, eta gustatzen zait. Kanpoan nagoenean, nire taldea familia bat bezalakoa da, giro hagitz ona dugu, eta lanera gustura joaten naiz taldea ere hagitz ona delako. 

Punta puntan dabiltzan txirrindulariekin aritzen zara lanean. Presio handia sentitzen duzu? 

Ez, presioa ez da. Lasterketa batera joaten zarenean badakizu munduko lasterkaririk onena zure taldean dagoela, eta estres puntu bat bai baduzu emaitza ona lortu nahi duzulako. 

Kanpotik zuen figuran gero eta arreta gehiago paratzen dela iruditzen zaizu? 

Azkeneko urteetan gero eta talde gehiagok nutrizionista dutenez, eta elikadurari garrantzia gehiago ematen zaionez geroz eta gehiago ateratzen da prentsan, bai. 

Doktoretza egiten ari zara EHUn. 

Bai, baina taldean egonda ez dut denbora aunitzik. Ikerketak egin ditut zer faktore fisiologiko aldatzen diren nutrizio mota diferenteen arabera ziklistetan, eta hori gero lanerako erabili dezaket. Ikerketa betidanik gustatu izan zait, baina, orain zoritxarrez ez dut denbora aunitz egiteko. Zientzia bat da nutrizioa eta ezin zara geratu duela 10 urte ikasitakoa egiten. Dena aldatzen da, eta horregatik izan behar duzu ikerketa profila ere. Beti birziklatzen aritu behar gara.

Taldean garrantzia ematen diozue horri, ezta? 

Bai. Gure errendimendu arduraduna Iñigo San Millan da, munduko ikerlari onenetako bat. Zortea dugu arduradun denak daudelako ikerketan sartuta. 

Ikerketa horien ondorioak aplikatzen dituzue? 

Nik uste ondorioak epe luzera ikusten direla, baina egunerokoan aplikatu ditzakegula batek eta bertzeak egindako ikerketak. Bakoitzak dauka bere metodologia, baina denak gaude ikerketan sartuak. 

«Taldean estimu eta kontu handian dute egiten dudan lana»

Badira lau urte UAEn hasi zinela. Egindako lanaren zer balorazio egiten duzu?

Hagitz hagitz ona. Hasieran kostatzen zaizu taldean sartzea, aldaketa txikiak egiten dituzu, baina aurten jada hiru urte pasata, hau laugarrena da, ikusten duzu zure lan metodologia barneratua dagoela ziklista guztietan eta baita taldean ere. Zortea daukat nire taldean hagitz barneratua dagoela, eta nire taldeko arduradun guztiek estimu eta kontu haundian daukatela egiten dudan lana. Niretzat hagitz baliagarria da. Egiten dudan lanean sinisten dute. 

Hasieran errezelo gehiago zuten? 

Ez, errezelorik ez, baina berria izanda ezin duzu dena urte batean aldatu, pixkanaka aldatuz joaten zara. Orain hagitz barneratua dute denek eta txirrindulari guztiek betetzen dituzte nire pautak. Berriak etortzen direnean lanean nola egiten dugu erakutsi eta denek metodologia segitzen dute. Erraza da, denek barneratua dutelako. 

Eta zein dira zure asmoak etorkizunean?

Ez diot etorkizunari begiratzen. Taldean hagitz kontent nago, dagoen talderik onena da dagoen jendearengatik, giroarengatik eta txirrindulariengatik. Non ikusten dudan nire burua? Ba leku berdinean. Ez dut pentsatu ere egin. Noizbait doktoretza bukatu nahiko nuke, hori bai. 

Nutrizioan hasi zinenean gaur egun UAEn egonen zinela pentsatzen zenuen? 

Ez. Horrela suertatu da, eta zortea izan dut, baina nik uste dut egindako lanagatik ere badela. Lanari ordu aunitz eskaintzen dizkiot. Ez da ordutegi bat duen lana, beti eskuragarri egon behar duzu. Txirrindulari batek goizeko zazpietan deituko dizu, bertzeak gaueko hamaiketan... Eta ez dago astebururik, lasterketak larunbatetan eta igandetan izaten direlako. Baina niri hori ez zait kostatzen. 

Lasterketetan presente ez zauden egunetan ere tokatzen zaizu lan egitea? 

Bai, lehendik prest uzten dut, baina ez zait leku denetara joatea tokatzea. Ezinezkoa da. 100 eta 140 egun bitarte egiten ditut lasterketan, gehienak etapa bat baino gehiago dituzten lasterketak dira: Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta  Espainiako Vuelta, Euskal Herriko Itzulia, Kataluniako Itzulia… Urtearen arabera aldatzen da egutegia. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun