Lesakako Zerbitzuen Elkarteak, udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, Elkartearen Eguna antolatu du lehen aldiz maiatzaren 20rako. Larunbatean 10:00etatik 19:00etara Lesakako Zerbitzuen Elkarteko komertzioak karrikara aterako dira eta eskulangileak ere izanen dira.
10:00etan txupinazoa botako dute eta, ordu berean, txistularien karrikabuelta abiatuko da. 11:30ean erraldoi eta buruhandiekin txanda izanen da. Egun horretan egiten diren erosketekin pintxoa debalde izanen da elkartean sartu berri diren lau ostatuetan: Arrano, Koskilla, Zantzonea eta jubilatuen ostatua.
33 bazkide
Hain zuzen, ostatu horiekin eta elkartean aurten sartu berri diren Agorleku Gaztak, Orbela aseguruak eta Lidera hortz klinikarekin batera, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak gaur egun 33 bazkide dituela aipatu digu Ordoki altzari-dendako Ainhoa Ordoki elkarteko presidenteak . Berekin batera, Naiara Alberro (Intzuri optika), Iñaki Portu (Iñaki janari-denda, Maite Marin (Amura ile-apaindegia), Ruth Vazquez (Ruth ile-apaindegia) eta Asier Etxepeteleku (Arrano ostatua) dira elkarteko batzordea osatzen dutenak.