Igantzitik Lesakara jautsi eta 1960ko apirilaren 27an ezkondu zen Makukobordako Pakito Olaetxearekin. Alaba bakarra izan zuten, eta ondotik, bi biloba, eta berriki, familiako txikiena, zortzi hilabete bertzerik ez dituen birbiloba etorri da.
Hurbileko familia honetaz gain, bere anaiaren eta bi ahizpen ondorengoak ere izan ziren igandean Lesakako Arkupe elkartean egin zuten ospakizunean. 25 bat lagun bildu ziren mahai-inguruan.
Gaztetan laborantza lanetan aritu zen Juliana Etxeberria etxean, baina gerora, Lesakan jostun lanetan ere buru-belarri aritu zen, amaginarrebarekin eta koinatarekin, batez ere mahoizko galtza urdinak egiten, konponketak… Gaur egun, ehun urterekin, osasuntsu segitzen du Julianak eta loreak zaintzen gustura ematen ditu orduak.