Alberto Fagoaga Leiza

«Arpana txapelketetan giro hagitz polita izaten da»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 13a, 08:00

Kirola egitea maite duen aranztarra da Alberto Fagoaga Leiza, eta bertzeen artean, arpanean lehiatzen aritzen da

Nola definituko zenuke zeure burua?

Ttikitatik kirolak gustatu zaizkion mutil alaia.

Zein dira zure zaletasunak?

Aunitz gustatzen zait hainbat kirol egitea, eta horretaz aparte, lagunekin planak egiten pila bat disfrutatzen dut.

Zein kiroletan aritu izan zara eta zein duzu gustukoen?

Momentu honetan mendian lasterka pixka bat, frontenisean, arpanean… baina gaztetan beti pilotan aritzen ginen. Ikusteko, herri kirolak eta pilota gustatzen zaizkit gehien, baina aritzeko edozein.

Nondik heldu zaizu herri kirolekiko zaletasuna?

Arantzan betitik izan da herri kirolekiko afizioa, ttiki-ttikitatik ikusi ditut eta beti izan ditut gustuko.

Noiz eta nola hasi zinen arpanarekin?

Ttikitan hasi nintzen, infantil eta kadete mailan herri artekoan parte hartzen genuen eta orduan hasi ginen. Urte pila bat geldirik egon eta gero, lehengo urtean berriz animatu ginen berriz probatzera eta hastera.

Zenbatean behin entrenatzen zara?

Nahi eta behar baino guttiago…

Txapelketetan ibili zara, ezta?

Bai, lehengo urtean lehenbiziko aldiz Nafarroako Proba Konbinatu Mistoan eta Nafarroako Trontza Txapelketan hartu genuen parte. Egia erran herrietan sortu zen giroa eta saltsa hagitz polita izan zen, animo faltarik ez genuen izan eta hori eskertzekoa da.

Zein da arpanean ongi aritzeko sekretua?

Aunitz entrenatzea bezalako sekreturik ez da!

Eskualdean herri kirolekiko zaletasun handia dagoela uste duzu?

Ez dut uste zaletasun handiegirik dagoenik, lehenago zegoen adinako afiziora bueltatzea ez da erraza izanen baina nork daki…

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Aspaldiko urtetan arpana txapelketetan beti goian izan diren horiei estualdi bat bederen ematea… [irriz].

Eta zein dira zure asmoak epe luzera?

Osasun ederrarekin entrenatzen segitu ahal izatea!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun