Aipamen berezia izan du Arantzako Kattin Madariagak RM Azkue Literatura Sarietan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 12a, 17:00
Kattin Madariaga sariarekin, Andres Urrutia euskaltzainburuaren eta Koldo Bilbao BBKren kultura arloko arduradunaren artean.

Guztira 463 lan aurkeztu dira aldi honetan, eta epaimahaikideek idatzien heldutasuna eta kontakizunen bizitasuna nabarmendu dute

2022ko Resurrección María Azkue Literatura sariak banatu zituzten joan den astean Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Sariak emateko ekitaldian, bertzeak bertze, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Koldo Bilbao BBKren Kultura arloko arduradunak parte hartu dute. Toki Ona institutuko ikasle den Arantzako Kattin Madariagaren (Min) Malko lanak aipamen berezia jaso zuen narrazioaren alorrean.

Euskaltzaindiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauexek izan dira aurtengo epaimahaikideak: A mailan: Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni. B mailan: Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.

Saridun guztiak Euskaltzaindiko egoitzaren atarian.

 

A mailako sariak

Narrazioaren alorra:

  • Lehen saria: Hotza. Egilea: Noa Martínez (Aniturri BHI, Agurain – Araba).
  • Bigarren saria: Martinen istorioak. Egilea: Lur Martin (Haurtzaro ikastola, Oiartzun- Gipuzkoa).
  • Hirugarren saria: Munduari begira. Egilea: Lorea Arruabarrena (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).

Olerkiaren alorra:

  • Lehen saria: Bera da. Egilea: Leire García de Vicuña (Lautada ikastola, Agurain - Araba).
  • Bigarren saria: Zergatik? Egilea: Manex Arabolaza (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).
  • Hirugarren saria: Hildakoak. Egilea: Iraia Arabolaza (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).

B mailako sariak

Narrazioaren alorra:

  • Lehen saria: Haitzuloaren ale gorria. Egilea: Nahia Iturbe (Laskorain ikastola, Tolosa – Gipuzkoa)
  • Bigarren saria: Erorketa askean. Egilea: Eneko García (Jose Maria Iparragirre BHI, Urretxu – Gipuzkoa).
  • Hirugarren saria: Ohiko goiz bat. Egilea: Unai Mendizabal (Beasain BHI, Beasain - Gipuzkoa).

Aipamen berezia: (Min) Malko. Egilea: Kattin Madariaga (Toki Ona BHI, Bera – Nafarroa).

Olerkiaren alorra:

  • Lehen saria: Denboraren txotxongilo omen gara. Egilea: Iraide Mitxelena (Pasaia Lezo lizeoa, Pasai Donibane – Gipuzkoa).
  • Bigarren saria: Glurp, glurp. Egilea: Beñat Mateos (Orixe BHI, Baiona - Lapurdi).
  • Hirugarren saria: Ura eta kalima. Egilea: Aiala Garabieta (Lauro ikastola, Loiu - Bizkaia).

Harrobi emankorra

Resurrección María Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateetan, eta 1990 arte iraun zuen. Urte haietan, ez zen gaztetxoentzako saria izan, helduentzako baizik, eta gaur egun ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991tik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun